Urte berri on! Abiatu da 2024a eta datorrenari begira jarriko gara. Euskal Herriko heavy metal argitalpen ugari espero ditugu –2023an 70etik gora lan plazaratu ziren–, eta hainbat dira taula gainera itzuliko diren taldeak.
Datozen argitalpenen berri izateko atal berezi bat duzue gure webgunean. Azala, abesti zerrenda eta kaleratze data dutenak dira. Urtarrilerako bi lan ditugu aurreikusita: El Reno Renardo bizkaitarren Regreso al Metalverso (Maldito Records) eta Ancient Settlers taldearen Tales From the Earth (Through Your Neck Records) –iraupen luzeko bigarren diskoa ere aurten aurkeztuko dute–.
Otsailean, berriz, hiru disko argitaratuko dira printzipioz: Nulled gasteiztarren The Traitor (Art Gates Records), Pestilength bizkaitarren Solar Clorex (Debemur Morti Productions) eta Valkyria bilbotarren Indómito. 2024ko lehen hiruhilekoa ixteko, martxoan momentuz plazaratuko diren lanak hauek dira: The Wizards bilbotarren The Exit Garden (High Roller Records) eta Our Natural Killer bizkaitarren Something Left To Believe In. Datarik zehaztu ez duten lanik ere bada: Inertzia lapurtarren Capitulate, Ur arabarren Verba vana auto risui apta non loqui, Ilunabar gipuzkoarren estreinakoa eta Dresden gasteiztarren Tres.
Kaleratuko diren lan berrien izenburua iragarri dutenak ere baditugu: Elizabeltz bizkaitarren Alabaren (On Fire Records), Koma nafarren Una ligera mejoría antes de la muerte (Maldito Records), Vhäldemar bizkaitarren Sanctuary Of Death –A Muerte, Live in Barakaldo zuzenekoa ere argitaratuko dute–, All This Chaos bilbotarren Last Train, Ajariguan nafarren Pain, Bide Bakarra nafarren Hiru Marra eta Auritz bizkaitarren Su Beltzaren Egunsentia (Maldito Records).
Dena dela, horiek baino gehiago dira 2024an argitaratuko diren diskoak. Besteak beste, talde hauek aurkeztuko dituzte abesti berriak: Orion Child, Shallow Waters, Nakkiga, Legacy Of The Seas, Blackhearth, Cavan, Crucifucked, Cavan, Aesthetic, SOA, Alerta, Deimocracy, Txatar, Bloody Brotherhood, Phobia, Usuales, Ealain, Elbereth, The Kraven, Frakture, Eraso! –albisteko argazkia–, The Blackening, Lee-Kore, My Sweet Torment, Viewer, Lubaki, Indrid, Wojtyla, Kernhell eta Korkut.
Taula gainera itzuliko diren taldeak lau dira, printzipioz. Zarauzko Anestesia eta Iruñeko Koma beteranoak apirilean igoko dira aspaldiko partez oholtzara. Nafarren itzulera apirilaren 5ean izango da Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Gipuzkoarrena, berriz, apirilaren 6an Miarritzeko Atabal aretoan. Anestesiak Azken Heriotza kontzertu bira laburra egingo du. Komak, berriz, bira gero eta luzeagoa egitea pentsatu du aurten kaleratuko duten lan berria aurkezteko.
Bizkaiko beste bi banda ere lozorrotik aterako dira: Anarko eta Juicio Final. Egun berean izango da, ekainaren 7an, baina leku desberdinetan. Anarkok Bilboko Kafe Antzokian joko du eta Jucio Finalek Kabiefest jaialdian.