Euskal Herriko heavy metalgintzaren 2024ko uzta bildu dugu, eta eskaintzeko unea da. Abenduaren 31ra bitarteko gure datuen arabera, iazko burdin uzta oparoa eta askotarikoa da.
Taldeei dagokienez, 382 daude indarrean, zazpi probientzietatik seitan. Araban 45, Bizkaian 162, Gipuzkoan 88, Nafarroan 60, Lapurdin 24 eta Nafarroa Beherean hiru.
Argitalpenen kasuan, kopurua esanguratsua da. 2024an 86 lan plazaratu ziren: 54 disko, 25 EP/Single, lau bilduma eta lau maketa —soilik hamabost jaso edo eskuratu ditugu fisikoan—. Iaz, 2023an (74) eta 2022an (78) baino lan gehiago argitaratu ziren. Bestalde, 102 bideoklip sareratu zituzten taldeek.
Eta 2024an zenbat kontzertu egin ziren Euskal Herrian? Datu zehatza ematea zaila den arren, 600 baino gehiago izan zirela uste dugu.
Herriko Burdina, datutan
2024ko gure uzta propioa ere jaso dugu. 281 albiste argitaratu genituen iaz, bederatzi podcast, zortzi kritika, bost elkarrizketa eta erreportaje bat.
2025ean beste horrenbeste edo gehiago izatea nahi genuke.