Bermeoko Addar hard rock taldeak Durangoko Azokan kaleratuko du Eztenak lan labur berriak. Azken hilabeteotan aurkeztu dituzten abestiak bilduko dituzte bertan.
Gaur estreinatu dute Gezur laugarren aurrerapena, eta besteen antzera, bideoklip bat egin dute. Danel Garay artistak zuzendu du.
"Abesti zuzen eta gordina da. Mezua ere oso zuzena da: garai teknologiko honek sortzen duen gezurrezko munduaren azaleratzea", adierazi du laukoteak.
Lan berria Bilboko Koba estudioan grabatu dute Xanperen gidaritzapean. Beste hiru aurrerapenak jarraian topatuko dituzue:
Addar - Lurra ukitu (Keu Agirretxearen parte hartzearekin)
Addar - Ezin ulertu
Addar - Lehertu da
Addar banda 2018. urte inguruan sortu zuten Bermeon. Aurretik beste bandetan ibilitako lau musikarien abentura berria da. Ordutik, hainbat lan plazaratu dituzte: Sugarra (EP, 2020), Errautsak (CD, 2021), Suge (Singlea, 2021), Gordinik (CD, 2022) eta Otsaila (Single, 2024). Laukotea, berriz, musikari hauek osatzen dute: Asier Allika (gitarra), Mikel Omagogeaskoa (baxua eta koroak), Gorka Padrones (ahotsa eta gitarra) eta Imanol Rodriguez (bateria).