Aeonic - Void of Existence

Musika taldeak jolas parkeetako atrakzioekin alderatzea balekoa izango balitz, Aeonic banda bizkaitarra sekulako abiaduran aurrera doan errusiar menditzat har genezake, bidaiariak baretasunetik frenesira bat-batean garraiatu eta amaieran dardarka uzten dituen horietakoa. Void of Existence izena du lau abestiz osaturiko euren estreinako lan laburrak eta, death metala ardatz hartuta, muturreko metalaren zale oro elkartzeko osagaiak ditu.

Death metal teknikoa instrumentazio konplexuetan oinarritzen da eta, zentzu horretan, esan liteke ahotsaren presentzia gehiegizkoa dela hainbat pasartetan, gainerako instrumentuen erritmo eta melodiek behar bezainbeste arnas ez hartzea eragiteraino. Dena den, azpimarratzekoa da Peter abeslariak EPan erakutsi duen erregistro aniztasuna, doinuen arabera guturalen estiloa ere moldatzeko gaitasuna baitu; death metal birrintzailea erdigune duen Standstill eta melodia malenkoniatsuetara gerturatzen den Throne of the Feared kantuen arteko aldea horren erakusle. Abiadura biziko riffak maite ditu lauko bizkaitarrak eta maila goreneko abilezia teknikoa gitarra eta bateria lanean nabari da bereziki; baxua, aldiz, itzalean geratu ohi da sarri, taldearen erritmo-bizkarrezurra sendotzeko lanetara mugatuz. Soka lodien presentzia melodikoagoak abestiak are gehiago aberastuko lituzke, hain muturreko dinamiketan erabateko soinu oreka lortzea zaila izan arren.

Hitzei dagokienez, gizateriaren historian eta, bereziki, pentsamenduarenean erlijioak izandako eraginaren inguruko gogoeta filosofiko pesimista jorratzen du lauko bizkaitarrak. Taldearen izenak berak denboraren inguruko eon kontzeptu mistikoari egiten dio erreferentzia. Lirika zein musika esparruetan, bistan da Aeonic Euskal Herriko metalaren eskaintza aberastera datorren taldea dela.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Hecatombe/Phatologically Explicit/Rising Nemesis.

Abesti zerrenda:

01. Standstill
02. Void Of Existence
03. Throne Of The Feared
04. Thy Majesty From The Stars

Entzun:

Hurrengo kontzertuak