Aeroscreamer - Cast the Fire

Atzeak erakusten omen du aurrea nola dantzatu. Gasteizko Aeroscreamer taldeak iraganeko heavy metal klasikoa berreskuratu du Cast the Fire estreinako lan laburrean. Gorputza eta arima mugitzeko 1980ko hamarkadako doinuak eta estetika gustuko dituzte. Garai hartan sortu zen NWOBHM edo Britaniar Heavy Metalaren Olatu Berria dute oinarri, AOR zein hard rockaren zertzeladekin. Revival moduko bat eman da mundu mailan, eta ehunka talde sortu dira. Ordea, gutxi batzuk lortu dute zeresana ematea.

Emakume ahotsa da arabarren bereizgarria. Izan ere, iraganean etiketa munduratu zenean eta gaur egun atzera begira jarri diren banden artean gizonezko abeslariak dira gehienak. Leire Zubizarretaren ahots indartsua dute gidari, Beñat Mendizabalen sintetizadore erakargarriekin batera. Azaletik mamira doa nabarmendu nahi duten izaera klasikoa, eta soinua bera ere aproposa da.

Iazko apirilean elkartu ziren, eta urtebetean landutakoaren emaitza da bost kantuko aurreneko erreferentzia. Stranger Things telesailaren soinu banda gogora ekar dezake lan laburraren hasierak. Aipaturiko 80ko hamarkadako sintetizadoreen presentzia erabatekoa da. Esaterako. Red Summer Nights eta Street Meet abestiek teklatuen melodia jolas deigarriak dituzte. Materia eta Cast the Fire heavy metal ereserkietan, berriz, Zubizarreta da protagonista. The Spell baladak osatzen du bostekoa, eta aproposa da abeslariaren erregistro lausoagoak ezagutzeko.

Zaharra berritzeko joera baztertuta, gasteiztarrek denboran atzera egin dute garai hartako bandek utzitako ondarea omentzeko. Fenomenoak Euskal Herrian ez talde askorik loratu, baina badira batzuk. The Wizards eta Evil Killer dira aipagarrienak, eta orain Aeroscreamer batu zaie.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Metal Crusaders/Lullabye Records.

Abesti zerrenda:

01. Red Summer Nights
02. Materia
03. Street Meat
04. The Spell (Part I)
05. Cast The Fire

Hurrengo kontzertuak