Aesthetic - An Enigmatic Creation

Ondarroak hainbat berezitasun ditu. Bertako euskara adierazgarriaz harago, musikagintza aberatsa duen herria da. Metalak ere badu bere lekua eta historia, doinu klasikoetatik muturreraino. KTI eta Psychophony taldeak dira horren eredu, eta baita ondarrutarrak dituzten/zituzten beste zenbait banda. Esaterako, Incursed eta Azken Garrasia. Horiekin batera, bada beste bat lur azpian ez ezik, ur azpiko itzaletan ere aspalditik dabilena: Aesthetic.

Urteak daramatzate muturreko metal abangoardista lantzen, eta tarteka, emaitzak plazaratzen. An Enigmatic Creation da iraupen luzeko bigarren diskoa, pasa den otsailean kaleratu zutena. Aparteko oihartzunik eman gabe, ahoz aho egin du bidea, eta aleak hara eta hona bidali dituzte. Herriko Burdinak horietako bat jaso du, eta iristen diren lan fisiko guztien iruzkinak egiten ditugunez, ez da salbuespena izango. 

Hiruko moduan plazaratu dute sorkuntza enigmatikoa, aurreko lanarekin gertatu moduan. Iker eta Enrike Del Aguila anaiak dira gidariak, eta Arkaitz Plaza bateria jotzailea dute bidelagun. Konposatzaile apartak direla berretsi dute, muturreko metal pieza teknikoen bitartez. Tamalez, soinua ez da guztiz borobila, beste behin ere. Abestien egitura, melodia eta pasarte interesgarriak kaltetzen ditu ekoizpenak. 

Kanpai hotsek iragartzen dute diskoaren hasiera. An Enigmatic Creation izenburu bera duen abestia da lehena, taldearen aipaturiko ezaugarriak primeran islatzen dituena. Aldiz, Vanishing Memories bizia eta pausatua da beraien aberastasunaren eredu garbia, eta koro berezi batzuekin apaindu dutena. Flashes Of Clarity da ziurrenik abesti indartsuena, melodeath esentzia nabarmentzen duena ahotsen joko apartarekin. Dena dela, This Neverending Nightmare da pieza luzeena, ausartena eta esanguratsuena. Erritmo aldaketa ugari ditu, eta atrezzo musikala ere askotarikoa da. Del Aguila anaien zigilu propiotzat har genezake zirku ikuskizun baten gisako pasarte antzeztuak erabiltzeko joera.

Errepertorio aproposa dute zuzenekoetara, baina ezin jakin taula gainera itzultzeko asmorik duten. Horrela bada, ur azpitik azaleratuko dira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. An Enigmatic Creation
02. Vanishing Memories
03. Passage
04. Flashes Of Clarity
05. A Strange Encounter
06. This Neverending Nightmare
07. Meditation

Hurrengo kontzertuak