2018/03/22

“Talde handiak jada beteranoak dira, gazteriaren eta nesken indarra botatzen dut faltan”

Gaztetxeetan hasi zuten abentura duela 30 urte eta euskal antzoki nagusietan eskaini dituzte berriki kontzertuak. Oztopoak oztopo, bidea jorratzen segi nahi dute, eta bizirik daudela aldarrikatzearekin batera argi adierazten dute maite dutena lantzen jarraitzeko erabakitasuna. Su Ta Gar taldearen iragana, oraina eta etorkizunaren inguruan aritu gara solasean luze eta zabal Aitor Gorosabel kantari eta gitarra jotzailearekin, baita musika industriak, kontsumo ohiturek eta gizarteko joerek jasan dituzten aldaketen inguruan ere.

Antzokietako birak aukera eman die zaleei taldea zuzenean orain arte ez bezala gozatzeko. Zeintzuk izan dira ikuskizun honetako bizipen gogoangarrienak?

Bereziena antzokiek ematen duten sentsazioa izan da. Kaleak, lokalak, aretoak… horietan jendea zutik ikustetik, antzokietan eserita ikustera igarotzearen sentsazioa arraroa izan zen, baina lehen kanta jo eta publikoa txaloka hasteak konfiantza eman zigun egiten ari ginena sinesteko. Hainbat kontzertutan emanaldi erditik aurrera jendea zutik eta etengabe txaloka aritu da, eta hori polita izan da. Horrez gain, Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenetan jotzeak errespetua eta handitasuna ere ematen ditu.

Emanaldion harira, errepertoriora itzuli dira aspaldian kontzertuetan entzun gabeko kantuak. Zein sentsazio izan dituzu iraganeko doinuak berriz ere zuzenean jo eta zaleekin konpartitzerakoan?

Denboran bidaia bat egitea bezala izan da. Errepertorioa antzokien testuinguru berezira egokitu nahi genuen, egurra eman gabe, baina guztiz akustikoa ere izan gabe eta, horrela, aspaldian zuzenean jo gabeko kantak berreskuratzeko aukera ikusi genuen. Kontzertu bukaeran izan ziren gure abesti zerrendatik atera ezin daitezkeen Jo Ta Ke eta Mari, baina ezin genuena da ohizko kontzertu bat eman, behartuta geunden egokitzera, ikuskizunari kolorea ematera gitarra akustikoekin. Berezia izan zen, adibidez, hainbeste urteren ostean Eskutitza edota Zure Aurrean Makurtzen Naiz kantak jo eta ohartzea jendeak zein ezberdin sentitzen dituen egoeraren arabera. Abesti hauek ez dira berdin sentitzen kaleko kontzertu basati batean edo antzokien lasaitasunean eta, zentzu horretan, kontzertua in crescendo joan zedin prestatu genuen abestien segida, indar berezia izan zezaten.

Antzokietako biraren ostean, distortsioa eta erritmo biziak nagusi diren emanaldiak eskaintzen hasi zarete berriz ere. Hurrengo diskoan ere doinu gogorretara itzuliko al zarete?

Hori gustatuko litzaiguke, baina ez dakigu emaitza zein izango den. Askotan saiatzen gara kanta ilun bat egiten, baina halako riff batekin hasi eta hard rock estiloko beste zerbaitetan amai lezake. Aurreko diskoa proposamen ezberdin bat lantzeko egin genuen, baina gustatuko litzaiguke gure kantuek indartsuak izaten jarraitzea. Dena den, indartsu kontzeptua ere hain da zabala… sortzerako orduan, unean bertan gorputzak eskatzen dizunak garrantzia handia du. Saiatuko gara gure estiloan jarraitzen, baina koloretsua izan dadila.

Estudioko hamabi lan luze bizkar gainean izanik, zein berritasun eskaini lezake taldeak etorkizunean?

Galdera zaila da hori, urte eta disko mordoa egin ditugulako jada. Eraginak ahalik eta toki guztietatik hartuta ere, nire ustez gure nortasuna mantentzen jarraitu beharko genuke. Hasierara buelta gintezke akaso, baina gehienbat hasiera horretan pizten gintuen sugar berberak piztu gaitzan. Metala egiten jarraituko dugu, gogorrago edo rockeroago, baina gauza arrarorik gabe. Zintzoena da gure esentzia eta gu musikan sartu gintuen estiloa bizirik mantentzen saiatzea. Bizirik Gaude, esaterako, lehen diskotik oso ezberdina da, urteen poderioz aldatzen baitzoaz zu zeu ere, baina Su Ta Gar izaten jarraitzen du.

90eko hamarkadaren hasieran sortu zenituzten zenbait abestiren hitzek egungo gizartea islatzen jarraitzen dute, baina badira denboraren iragateak esanahiz aldatu dituenak ere. Hitzak idazterako garaian hautaturiko inspirazio iturrietan izan al da aldaketarik?

Ez gehiegi. Agian betiko topikoak errepikatzea munduarentzat nekagarria bilakatu da, gizartea aldatzen doalako, baina Jaiotze Basatia diskoko hainbat hitzek oraindik balio dute egungo garairako ere. Akaso gaur egun idatzita ez lukete edukiko orduan izan zuten eragina, jendea pixka bat nekatuta baitago afera politikoarekin, baina funtsean ez da ezer aldatu. Akaso gazteek gai hauek beste era batera ikusten dituzte, baina suak hor jarraitzen du piztuta, ikusi besterik ez dago presoen aldeko manifestazioetan zenbat jende irteten den kalera. Gazteria aldatu da eta etsaiak, modu batean esatearren, lortu du dialektika bere terrenora eramatea, askatasuna hitza bere egin eta abertzaleok nekaraztea. Hala ere, jendeak oraindik ere beharra sentitzen du Jo Ta Ke kantatzen jarraitzeko, eta irudipena dut, zoritxarrez, luzaroan jarraituko duela bizirik. Egia da jendeak bilatzen dituela formula ezberdinak, gaurko gaietan presenteago daude matxismoa eta berdintasuna, gu hasi ginenean hainbeste jorratzen ez zirenak. Badirudi askatasunarekin loturikoak modaz pasata daudela, asko landu direlako, baina esango nuke ziklikoa dela. Euskal Herri aske bat ez dagoen bitartean, espiritu horrek jarraituko du, beste era batera bada ere.

Eta sorkuntza prozesuari osotasunean erreparatuz gero, zein modutan aldatu dituzue konposizio irizpideak eta lehentasunak denbora honetan zehar?

Gaztetxoak ginenean ikonoetan oinarritu eta euren estiloa imitatzen saiatzen ginen, eta hori aldatu da, baina kantak egiteko erak nahiko antzekoa izaten jarraitzen du. Lehen zati bat atera eta buruan gordetzen nuen, gero beste bat atera, hari itsasi eta hori dena buruan gorde berriz ere; zirriborroekin kantak egiten nituen. Orain, ordea, ez dakit zirriborroa ala kanta ote den eta nire burua grabatzen joan behar dut, eskema oinarrizkoagoak landuz. Baina, oro har, gure estiloak antzekoa izaten jarraitzen du, bonbo bikoitza, riff biziak… Beti harritu nau jendea gai dena beste artista batzuk ezin hobe imitatzeko. Gure kasuan, baina, imitatzen saiatu garenean beti igartzen da gu garela, eta horretan segituko dugu. Kanta berriek antzekotasun gehiago izango dute azken diskoekin lehenengoekin baino, baina asko ez gara aldatuko.

30 urte beteko dira laster oholtzara estreinakoz igo zinetenetik. 20 urte biran egin bezala, oraingoan ere ospakizun ekitaldi berezirik antolatuko al duzue?

Hasiera batean pentsatu genuen zerbait egitea, baina azeleragailua altxatu nahi izan dugu. Bira bat egitea ez genuen argi ikusten, iaz egin baikenuen antzokietakoa, eta kontzertu berezi bat egitea ere ez. Pixka bat lasaitzea pentsatu dugu eta disko bat atera badezakegu, horri eustea. Nahiago dugu horretan murgildu eta etorkizunean borobiltzen joango garen proiektu atenporalagoak ere lantzen jarraitu. 30. urteurrena hogeigarrena bezala ospatuko ez dugula, behintzat, ziur da. Gure nahia litzateke disko batekin ospatzea, baina ez urteurrenagatik, baizik eta tokatzen delako. Osasunak eta merkatuak nahi badu, 35. urteurrena edo beste edozein ere ospa daiteke.

Talde beteranoa zarete jada eta bizkar gainean duzue ibilbide luzea. Nola ikusten duzu laukotearen egungo forma eta etorkizuna?

Duela bi urte eztarriko ebakuntza egin zidaten berriz ere, baina diskoa egiten ari ginenez abestu beharra nuen, eta azkenean bukatzea nahiko kostatu zen. Gero abesten hasi eta atzamarrean izan nuen arazoa. Osasunagatik ezin izateak eragiten ditu zama eta higadura. Bestela, kontzertuak badauzkagu, iazko bira ere arrakastatsua izan zen, antzokiak bete genituen; bizirik jarraitzen dugu. Orain akaso eten txiki bat izan dugu adina tarte bateko gazteetara iristerakoan, baina plazak edo festibalak jotzean ere guregana ditzakegu. Agian ez gaude oso modan, gazteek ere nagusitzen ikusten gaituzte eta jotzen diharduenaren adinaren arabera ere konexioa ezberdina da publikoarekiko. Baina, esandakoa, higadura da gehien nekatzen gaituena. Makinak funtzionatzen jarraitzea nahi dugu, eta osasun arazoengatik ezin jo eta beste gitarra jotzaile bat hartu behar izatea, neuk ere gitarra gabe abestea… erronkak dira. Bira guztia egin nuen gitarra jo ezinik, baina jo behar duzu, zure ogibidea delako, jaten ematen dizuna. Merkatua oso txikia da eta horrek ere eragiten du presio handiagoa. Denbora luzeko etena egiten baduzu gazteek interesa galtzen dute eta hortik zehar birak egitea ere defizitarioa da. Euskal Herrian ez dut uste musikari asko daudenik musikaz bizi direnak, bere alde polita dauka, baina baita higadura ere. Ez da erraza.

Metal zaleak bakarrik ez, gizarteko esparru oso ezberdinetako publikoa erakartzeko gaitasuna izan duzue luzaroan, baita hainbat belaunalditako jendea ere. Ba al dago euskal heavy metalean halakorik berriz ere lor lezakeen talderik?

Oso zaila da, rock and rolla eta heavy metala ez daude bere unerik onenean, era klasikoan esanda. Guk lortu dugu jendearengana heltzea eta metalarenganako maitasuna transmititzea, baina jendearentzat ez gara soilik heavy metal talde bat. Agian heavy metala ez dute beraiena sentitzen, baina guk transmititzen duguna bai, euskara erabiltzen dugulako eta hitz egiten ditugun gauzekin jendea identifikatzen delako. Gu sortu ginenean heavy metala gaztelaniaz egiten zen, punka ere, eta gazteria azken honekin identifikatzen zen soziala eta politikoa zelako. Guk hori dena nahastu genuen eta horregatik erakarri genuen publiko zabala. Ez dakit, ordea, metalak berriro hartuko duen garai bateko indarra. Asgarth, Hira, Latzen, Urtz, hastapenetako Berri Txarrak… hor izan zen urrezko garai bat euskal metal eta rockarentzat, baina guk eskemak apurtu genituen bezala, orain gauza berriak irteten ari dira, doinu ezberdinak probatzen eta musika panorama aberasten. Dena den, deigarria da kostatzen ari dela talde gazteak irtetea. Berri Txarrak maila altuan dago baina ez dira hasiberriak. Kontu bera Gatibu, Ken Zazpi edota Zea Mays bezalakoekin. Glaukoma ere oso indartsu dabil, baina ez dituzte 18 urte. Talde handiak jada beteranoak dira eta, oso onak gainera, hori ere nabarmendu behar da, baina banda berriei, oso abilak izanda ere, kosta egiten zaie, musika estiloak izugarri zabaldu direlako. Nesken taldeak ere botatzen ditut faltan, erabat neskaz osaturikoak, abesten ikus ditzakegu hainbat, baina jotzen ere behar lukete. Euren indarra botatzen dut faltan eta baita gazteriarena ere.

Neskak aipatu dituzunez, esan liteke gizartean nagusitu dela eurak musika estilo leunekin identifikatzearen tendentzia, eta ez hainbeste, esaterako, metalarekin?

Hori nesken esku dago hein handi batean ere, nahiz eta tekno musika egin. Figura indartsuak badaude; begira Hesian, Izaro bera edota Niña Coyote eta Chico Tornado. Ederra da halakoak ikustea. Baina, bestelakoan, irudipena dut eurak sartzen direla aipatzen duzun rol horretan, feminitatea modu batekoa izango bailitzan, askotarikoa izan daitekeenean. Gizarteak bultzatu gaitu akaso halakoak izatera, eta, zentzu horretan, kanonen talka dago nire ustez. Kontraesanetan sartzen gara, gizon zein emakume, gizonok nahi dugu emakumetu berdintasunerantz, baina gizonen roletan segitzen dugu gauza askotan, emakume asko ere erosoago gelditzen dira rol klasikoan. Autobus gidaria, lorezaina… emakumeak hor ikustea ez zait jada arraro egiten, baina musikariak ez ditut ikusten eta horrek atentzioa deitzen dit.

Talde gazteek duela 30 urteko musika industrian zituzten erronkak eta egungoa alderatu beharko bazenitu, zein ezberdintasun atzemango zenituzke?

Ekonomikoak nagusiki. Orain baliabide gehiago daude, bai grabatzeko, estudioa etxean egiteko, instrumentuak edukitzeko… guri utzi egiten zizkiguten hasieran, estudio profesional batean grabatu eta diskoa kaleratzea oso zaila zen. Orain etxean grabatu eta produktu ona izan daiteke, Internet bidez ere zabaldu dezakezu, lehen disko fisikorik gabe egitea ezinezko zena. Baina hainbeste informazio dago, musika asko eta asko jendearengana ez dela heltzen. Hain saturatua dago sarea, jendeak multinazionalek bultzaturiko irratietako doinuak entzuten amaitzen duela, Kiss FM edota Gaztean entzuten direnek funtzionatzen dute. Lehen diskoak saldu egiten ziren baina orain askoz ere gutxiago eta, guri behintzat, diskoa oso garesti ateratzen zaigu, estudioa ordaindu, kopiak fabrikatu, publizitatea… beraz, pentsa jende gaztearentzat. Estudioan autoekoizturiko disko bat grabatzea ia ezinezko dute, ez bada atzetik diskoetxe sendo bat dutela babesteko. Merkatua erabat aldatu da eta jende gehiagok berdina egin dezakeenez, musikak balioa galdu du.

Formatuak eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dira. Zenbateko eragina du horrek musika bizitzeko moduan?

Orain produktua kaleratzen duzu, baina ez dakizu oso ondo nola. Euskarria behar duzu jende askok CDa kontsumitzen jarraitzen duelako, baina gazteriak ez du jada nahi, telefonoan nahi ditu kanta solteak, irratiko formatuan. Atera ditzakezu kanta bat edo bi, Interneten eskegi… jendea saiatzen ari da formatu berri horietara ohitzen baina ez da erraza. Metallicak orain diskoa aterako balu, CDan aterako luke ere.

Hain zuzen, Metallicak kanta bakoitzeko bideoklip bat sareratuz egin du are ikusgarriago Hardwired… to Self-Destruct disko berria.

Jendeak orain ikus entzunezkoa behar du, telefonoan edota ordenagailuan kanta jarri eta irudirik ez badu arraroa dirudi. Nik uste talde handiak ere pixka bat noraezean dabiltzala, formulak topatu nahian. Lehen argia zen, CDa edo biniloa, baina orain asko konplikatzen ari da teknologia berriekin. Aurrez esan bezala, sormenak ere balioa galtzen du honen ondorioz, arrakasta handia eskuratzen dutenek funtzionatzen dute eta beste hainbat itzalean gelditzen dira. Herri mailan ere jendea mugitzen da soilik gantxoa duen norbait badator, lehen berdin zuen, edozein etorrita ere jendea kontzertuetara joaten zen, kalean bizi zen, baina orain lokaletan. Ulertzekoa da, kalean bizitzea oso garestia baita eta gazteek ez dute dirurik. Horrenbestez, ez dira lokaletik mugitzen ez baldin badator talde edo ikuskizun bat benetan gustuko dutena, ezta sarrerarik erosi ere. Hori aldatzea zaila da.

Hastapenetara itzuliz amaitu nahiko genuke, zuek ere nazioartean aritu baitzineten taldearen ibilbideko lehen urteetan. Hortzak Esturik diskoarekin europar bira osatu zenuten, Eibarreko kontzertuarekin amaitu eta bideo grabaketan bildu zenutena. Nola oroitzen duzu garai hura?

Oroitzapen oso politak dira, aipatzen duzuna EH Sukarrarekin batera egin genuen gainera. Ostera egin genituen astebeteko eta hamabost eguneko irteerak Europan zehar; talde bezala bizi beharreko esperientziak dira. Baina gero urteak aurrera doaz, jendea familia edukitzen hasten da eta kosta egiten da egun asko etxetik kanpo igarotzea etekinik ateratzeko ez bada. Modu batean, guri hori gertatu zitzaigun, 25 urte eduki arte oso polita izan zen, baina gero irteten zara toki jakin batzuetara eta gerta liteke bost pertsona edukitzea zu ikusten, eta une horretan pentsatzen duzu: zer egiten dut nik hemen? Baina, oro har, bira horien esperientzia ederra izan zen eta, noski, Europa osotik aritu ostean Eibarren amaitzea oso berezia. Balio izan zigun taldea sendotzeko, halako egoeretan ezagutzen baituzu benetan zeure burua. Gaizki eramaten bazara taldea puskatu liteke, ongi eramanez gero, aldiz, lotura gehiago sendotu. Gure kasuan honela izan zen.

Mikel Yarza

Hurrengo kontzertuak