2019/11/15

Anakrosis taldeak "Perpetual Nightmare" diskoa kaleratuko du abenduan

Azkoitiko Anakrosis brutal death metal bandak prest du bigarren diskoa. Abenduaren 10ean argitaratuko dute Perpetual Nightmare lana Coyote Records zigiluarekin. Hamar abesti berri ditu, eta Demigod Recordings estudioan nahastu eta masterizatu dituzte. Hona hemen diskoaren azala.

25 urte atzera egin behar da Anakrosis bandaren oinarrira iristeko. Dislexia izenpean abiatu zuten ibilbidea 1994an. Bost urtez aritu ziren kontzertuak ematen, eta argitaratu ez zuten maketa bat grabatu zuten. 2015ean taldekide zaharrek elkartzea erabaki zuten, eta urtebetera Ez dut nahi zuen bakea diskoa plazaratu zuten. Ordurako izena aldatzea erabaki eta Anakrosis gisara aurkeztu zuten. Diskoko lau kantu maketa zaharrekoak dira eta beste seiak berria. Zaunka Records estudioan grabatu zituzten, eta Ekaitz Garmendiak (Legen Beltza, Extinction, Sijjin) masterizatu zuen Black Storm estudioan. Hiru urte beranduago, estudioko bigarren diskoa argitaratzeko unea iritsi zaie.

Hurrengo kontzertuak