Eklipse batek ez du zertan gure begirada ilundu. Atzerritik Euskal Herrira etorritako hainbat musikarik erabaki dute gurean abentura berri bat sortzea edo euren sorkuntzarekin jarraitzea. Uste baino gehiago dira horrelako kasuak, eta horietako bat da Ancient Settlers taldearena. Izan ere, Donostian sortu zuten 2020an Venezuelako Carlos Chiesa Estombak eta Herman Rierak.
Euskal jatorrikoa da Carlos, haren ama Irungoa delako, eta duela urte batzuk etorri zen bizitzera Gipuzkoako hiriburura. Bi musikari sortzaileak Haboryn bandan aritu ziren elkarrekin, beraien jatorrizko herrialdean. Gurera etorrita, melodic death metal proiektu berri bat abiatzea erabaki zuten. Horretarako, beste hainbat musikari erakarri zituzten: Emmy Reyes gitarrista, René Gonzalez teklatu jotzailea, Miguel Herrera baxua (Haboryn ohia), eta Antony Hämäläinen abeslari ezaguna (Meridian Dawn, eta Nightrage zein Armageddon ohia).
Seikoteak elkartzeko zailtasunak izan arren, pandemian egonkortu eta indartu zuten euren errepertorio propioa. 2021. urte hasieran Autumnus lan labur eta aurrekaria plazaratu zuten. Ederki baliatu zuten kontzertu batzuk emanez, Ancient Settlers taula gainean aurkezteko. Aldiz, pasa den apirilaren 1ean kaleratu zuten Our Last Eclipse (The Settlers Saga Part. 1) iraupen luzeko aurreneko diskoa. EPan fintzea falta zitzaiena borobildu dute behar bezalako argitalpen profesional batekin.
Death melodiko klasiko zein modernoaren zaleentzako hamar abesti topatuko ditugu Our Last Eclipse lanean. Carlos eta Herman bikote sortzaileak gehien estimatzen duten musika izanik, beraien ekarpena ahalik eta erakargarriena egiten saiatu dira. Cast In Gold, Cerements, Jotnar Magick, Library of Tears eta Memories gisako kantuekin helburu hori bete dute. Hämäläinenen kantaera da barneratzea gehien kostatzen dena, ahotsa urratu ordez, kolpeka eta era monotonoan darabilelako. Bikote sortzailea diskoa ekoizteaz eta grabatzeaz ere arduratu da. Aldiz, nazioarteko soinua Fredrik Nordström ezagunak jarri dio, eta estalkia Gustavo Sazes diseinatzaile apartak.
Baliabide oso onak lortu ondoren, erronka berriak dituzte. Génesis Farias ordezko abeslaria iragarri zuten udako kontzertuetarako, eta epe laburrean lan berriak plazaratzeko asmoa dute. Ongietorriak izango dira.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Crusader Records.
Albiste zerrenda:
01. Into The Depths I Ride
02. Cast In Gold
03. Our Last Eclipse
04. Cerements
05. Jotnar Magick
06. Library Of Tears
07. Silent December
08. Memories
09. The Black Rainbow
10. Peregrination
Entzun: