Donostiako Ancient Settlers melodic death metal bandak abeslari berri bat dauka. Noelia FJ kataluniarrak berrosatu du boskotea. Hain zuzen ere, bost urtetan hirutan aldatu dute kantaria. Behin betikoa izango ote da?
Aste hasieran, Génesis Farias Argen Death abeslariak bere agurra iragarri zuen, taldearekin bi lan labur eta disko bat argitaratu ondoren. Pasa den larunbatean Donostia Prog Tech-Metal Fest jaialdian emandako kontzertua izan zen bere azkena. Banda uzteko arrazoiak adierazpen luze batean azaldu zituen. Laburbilduta, gainerako kideekin zuen harremana etetea erabaki du pertsonalki ez dagoelako ondo, eta bi aldeen arteko adostasun maila erabatekoa ez zelako.
Gipuzkoarrek iazko maiatzaren 17an argitaratu zuten Oblivion's Legacy bigarren diskoa. Hamar abesti lana taldeak bere kabuz grabatu zuen, eta Fredrik Nordström (At The Gates, In Flames, Opeth...) arduratu zen nahasteaz eta masterizatzeaz Suediako Fredman estudioetan.