Herrian erreferenteak izatea garrantzitsua da musikagintzan murgiltzeko. Legazpiko Anker taldeko kideak zaleak ziren musika tresnak astintzen hasi aurretik. Alegia, beste asko bezala. Elbereth herrikideei begira hazi eta hezi ziren, eta horrelako batean, banda bat sortu zuten. Brinkolako garaje batean hasi ziren elkartzen, eta denbora gutxi behar izan dute Gizagaitza estreinako diskoa aurkezteko. Eneko, Urko, Unzu eta Joanes hasiberrien ilusioa pozgarria da.
Etxekoa eta kanpokoa gustuko izatearen ondorioa da laukoteak erakutsi nahi izan duena. Heavy metal klasikotik modernora doazen askotariko erreferenteak dituzte. Beraiek aitorturikoak hauexek dira: Su Ta Gar, Latzen, Asgarth, Trivium, As I Lay Dying, Bullet For My Valentine eta Lamb Of God. Bistan da etxetik gertuen dauden horien artetik izaera klasikokoak estimatzen dituztela. Aldiz, nazioartera baino AEBetara begira daudela esan genezake. Eta bai, lehen entzunalditik berehala antzematen dira aipaturikoen eragina.
Izen propioarekin plazaratu duten lehen lana abiapuntu gisa hartu behar da. Aurreneko urratsa berezia da, bat eta bakarra. Freskotasuna eta bat-batekotasuna islatu ohi dituen pausoa da. Hori guztia betetzen du Anker bandak. Berritzaile izatetik urrun, gustuko dutenari forma eman diote, eta gustura entzuten diren piezak azaleratu dituzte.
Sarrera bat eta bederatzi abesti ditu diskoak, horietako bat instrumentala. Baliteke sarrera soberan egotea, hasiera iluntzen duelako. Izan ere, trumoi hotsak Ekaitza bigarren abestian errepikatzen dira, eta horiekin nahikoa litzateke. Horrez gain, aipaturiko kantua da lehen single eta bideoklip gisa estreinatu zutena, eta ezin aproposagoa da entzulea kokatzeko. Ordutik aurrera nabarmentzen direnak hainbat dira; batez ere, euskal heavyari gorazarre egiten diotenak: Arimen Merkatua, Eromenaren Senide eta Eibarko aitzindariak gogora ekartzen dituen Garai Berri Baten Hasiera.
Aimar Ibarzabalek (Ilun Produkzioak) aipamen berezia merezi du. Bera arduratu da diskoaren grabazioaz, eta musikari ona ez ezik, soinu teknikari eta bideogile gisa ere ondo baino hobeto moldatzen da. Bosgarren kide moduan aritu da, eta laneko azken pieza instrumentalean ere parte hartu du. Etxeko erreferenteekin eta lagun onekin abiatzea baino gauza hoberik ba ote dago?
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Azken Gaua
02. Ekaitza
03. Nire Infernua
04. Arimen Merkatua
05. Eromenaren Senide
06. Garai Berri Baten Hasiera
07. Azken Hatsa
08. Eskifai Galdua
09. Direnak Eta Ez Direnak
10. Anker
Entzun: