Gustura dabiltza agertokietan Ortzimuga bigarren diskoa aurkezten. Oñatiko Broken Legacy metalcore taldeak jauzi nabarmena eman du lan berriarekin. Sorkuntza eta soinua findu dituzte kantu zerrenda deigarria lortzeraino. Seikote moduan plazaratu zuten diskoa, ondorengo musikariekin: Aitor Atxa (ahotsa), Pello Uriarte (gitarra), Josu Manuel (gitarra), Asier Goitia (gitarra), Unai Urkia (baxua eta bigarren ahotsa) eta Gorka Mondragon (bateria). Duela gutxi Josuk banda utzi zuen, eta boskote gisa egin dute aurrera. Asier Goitia gitarristak erantzun ditu gure galderak.
Ortzimuga diskoa zuzenean aurkezteko hainbat aukera izan dituzue. Nolakoa izan da orain arteko harrera?
Ikaragarria. Oñatin eman genion hasiera diska berriaren kontzertu birari. Lehenengoa etxean izanda bultzada handi batekin abiatu ginen. Hori gutxi balitz, ondoren etorri diren kontzertuetan izugarri gozatu dugu. Jendearen harrera oso ona izan da orokorrean, eta oso pozik gaude.
Taldeari dagokionez, orain gutxi arte seikote gisa aritu zarete. Hiru gitarristarekin. Dagoeneko, ordea, bost zarete, ezta?
Broken Legacy boskote gisa sortu genuen hasiera batean. XIX lehen diskoari azkeneko ukituak ematen ari ginela, Asier Goitia, bigarren gitarra, atzerrira joan zen urtebetez lan kontuak direla eta. Egoera berri honen aurrean, taldearen eta bereziki diskoaren prozesua ez moteltzeagatik Josu Manuelen laguntza jaso genuen ordezkapen gisa. Ordea, XIX diskaren biran zehar Josurekin bizitakoaren ondoren, ezinezkoa egiten zitzaigun Josu gabe jarraitzea. Gutako bat bihurtu zen. Horrez gain, interesgarria eta deigarria iruditzen zitzaigun hirugarren gitarra bat izatea. Eta Ortzimuga izan da emaitza. Orain, berriro, boskotea gara. Josuk taldeari agur esan behar izan dio, baina ez dio Broken Legacy familiako kide izateari utziko.
Lan berria aspalditik zenuten esku artean, eta aleka aurreratu zenituzten abestiak martxoan argitaratu zenuten arte. Bizi dugun egoerarengatik erabaki zenuten horrela egitea edo hori zen ideia?
Bai eta ez. Ortzimuga diskoa kaleratu aurretik kontzertu gutxi batzuk lotzea geneukan helburu, aurkezpenari begira. Horretarako, pilula batzuk aurreratzea pentsatu genuen. Azkenean, bizi izan dugun egoeraren ondorioz, argitalpena uste genuena baino gehiago atzeratu da.
Ezezaguna lehen singlearen bideoklipa aurkeztu zenutenetik agerian utzi zenuten talde gisa emandako jauzia. Zuek ere hala sentitu duzue?
Sinetsi ezinda gabiltza lan berriarekin. Argi genuen bigarren lanarekin aurrerapauso bat nabaritzea beharrezkoa zela. Soinu aldetik, Chromaticity Studios estudioari zor diogu arlo honetan emandako jauzia. Beraiekin elkarlanean, asko ikasi dugu, ez soilik grabazio profesional bat zer den, baizik eta abestien konposaketa eta egituratzeari buruz ere bai. Horrelako ikasketak ezin daitezke ordaindu.
Musikari dagokionez, aurretik esan bezala, estudiokoek pista batzuk eman zizkiguten puntu batzuetan. Gure aldetik, gauzak egin ahala ikasten ari gara, eta lehenengo diskoarekin ikasitakoak lantzen eta hobetzen joan gara bigarren lan honi begira. Esan bezala, hirugarren gitarra bat izateak ere pisu ikaragarria izan du konposaketetan.
Basque Country Fucking Metal irakur daiteke zuen azalean. Hori da jorratzen duzuen musika?
Gaur egun, guztia etiketatzeko joera daukagu, baita guk ere. Eta ez genuen beste etiketa hoberik aurkitu. Zuzena eta garbia da.
Izena eta goitizena ingelesezkoak izan arren, euskaraz abesten duzue. Gurean metalcore musika jorratzen duten taldeen gehiengoek ingelesa eta gaztelania darabilte. Zuek, ordea, euskaraz. Zergatik?
Euskaraz abesten hasi ginen. Gure eguneroko hizkuntza euskara da, eta naturalki atera zitzaigun. Egia da, metalcore talde gehienek ingelesa erabiltzen dutela, eta horrek modu batera edo bestera eragiten gaitu arlo honetan mugitzen garen musikarioi. Zeren, gu ere eragin horren biktimak izan gara eta aipatu bezala izena eta goitizena ingelesezkoak dira. Ez hori bakarrik, gure errepertorioan badaukagu Letter from the evanescense ingelesezko abestia. Hala eta guztiz ere, euskaraz aritzen gara erosoen.
Euskaraz abestuta ekarpen propioagoa egiten duzuela uste duzue?
Horrela dirudi. Euskaraz abestea ez da inoiz izan aurretik pentsatutako gauza bat, naturalki sortutakoa baizik. Hala ere, egungo eszena ikusita, bai, uste dugu nortasun edo berezitasun puntu bat ematen digula; bai guri eta bai euskaraz diharduten gainontzeko metal taldeei. Ea aurrerantzean euskarazko metal gehiago entzuteko aukera dugun.
Musika proposamenari dagokionez, lanketa finagoa nabari da kantuetan. Metalcore doinuetatik aldendu gabe, zuen eraginak hobeto barneratu dituzuela ematen du, eta agerikoa da muturreko metalaren presentzia areagotu duzuela abesti berrietan. Ados zaudete?
Oso pozik gaude emaitzarekin. XIX diskoaren sorkuntzan zehar ikasitakoarekin eta jasotako esperientziarekin, nabari da Ortzimuga lanean beste urrats bat egin dugula.
Zortzi abesti ditu lanak, ez gehiago eta ez gutxiago. Kopuru polita da entzulearentzat, eta baita zuen proposamena ezagutzeko. Lan berria iraupen laburrekoa izatea nahi zenuten?
Argi geneukan ez genuela maketa formatuko lan bat kaleratu nahi. Ezta ere disko luzeegi bat, hamar edo hamabi abestirekin. Azkenean, landutako eta gustuko genituen zortzi abestirekin geunden esku artean, eta zifra bikaina zela iruditu zitzaigun.
Lan honen sorkuntza prozesua nolakoa izan zen?
Orain arteko berdina izan da. Gitarra jotzaileok dugu pisu gehiena abesti berrien konposaketetan. Pisu gehiena edo gutxienez, lehenengoko zirriborroa sortzeaz arduratzen gara. Behin, zirriborro horiek ditugula, gainontzeko taldekideek hartzen dute parte iritzi eta proposamen desberdinak partekatuz, eta abestiei forma emanez.
Esan bezala, lan berriak zortzi kantu ditu, eta horietatik hiruk kolaborazioak dituzte. Zeintzuk dira eta zuen ustez zer nolako ekarpena egin diote abesti horiei?
Hori da. Hiru kolaborazio ezinhobeak izan ditugu, kalitatezko musikariak ez ezik, bidelagun paregabeak direlako bidaia honetan. Norberak bere nortasuna islatu du parte hartu duen abestian, bakoitzak bere arloan. Bakardadea kantuan, Lander (Uckaia) izan dugu bere ahots latzarekin, emozio zurrunbilo geldiezin batean murgiltzen gaituena, eta abestiak behar duena. Duela urte batzuk ezagutzen dugu Paul (Drop! eta Wood Strings) abeslaria, eta bere ahots bortitza halabeharrez behar genuen Ortzimuga diskoan. Paregabea den bere ahotsa Askatasun eza abestian entzun daiteke. Azkenik, Chromaticity Studios-eko nagusia den Pedro J. Monge (Vhaldemar) konbentzitu genuen (ez genuen arazo askorik izan) disko honetako abesti indartsuenetakoa bilakatuko zen Jukutria abestian. Gitarrista izugarria da, eta guretzat erreferente bilakatu dena. Jukutria abestiak behar zuen bultzada eman dio gitarra solo izugarri batekin.
Gainera, Broken Legacy beste maila batera eraman du soinuari dagokionez. Ados zaudete?
Dudarik gabe. Pedro J. Monge gitarrista eta Tano teknikaria dira Ortzimuga lanean nabaritzen den eboluzioaren errudunak. Hasieratik, lehenengo soinu nahasketa entzun genuen momentutik, beraien lanarekin maitemindu ginen. Oso pozik gaude emaitzarekin eta betiko izango gara beraiekin zorretan. Hau ere beraien esfortzu eta talentuaren fruitu da.
Pedrori zein talde edo ekoizpen jarri zenioten erreferentzia gisa?
Hasiera batean, betidanik entzun izan ditugun talde mordo bat jarri genizkion adibide gisa: Latzen, Trivium, As I Lay Dying, In Flames, Su ta Gar, Pantera… Zerrenda amaigabe bat. Hala ere, aurrerago aipatu moduan, Pedro sormen iturri ikarasgarria da eta konfiantza guztia beregan utziz, berak proposatu zigun soinua eta nahasketa ezinhobeak iruditu zitzaizkigun.
Oñati eta metal musika. Galdera hau ezin egin gabe utzi. Euskal Herriko heavy metalaren musikagintzan Latzen letra larriz idatzitako talde bat da. Oñati metalaren mapan kokatu zuen. Gaur egun, ordea, metalak zer nolako lekua du zuen herrian?
Hain zuzen ere, Latzen taldeko kide guztiok entzun eta miresten dugun taldea da. Eta gu bezala, Oñatiko beste pertsona askok, gehien bat adintxo bat dugunon artean. Denborak aldatzen doaz, baina gure ikuspuntutik, bere garaian Latzenek landatu zuen hazi horren fruituetako bat gara, eta badaude jada, gure ondoren etorriko diren metal talde berriak. Metal erasoarekin suak bizirik dirau.
Eta oro har, badirudi gazteen artean metalaren eta hardcorearen arteko nahasketak harrera ona duela. Jarraitzailerik badela, alegia. Bat egiten duzue horrekin?
Egia esan, bai. Ortzimuga diskoaren biran zehar izandako emanaldietan jendearen harrera oso ona izan dugu. Gainera, adin eta belaunaldi desberdinetako pertsonak ikusten ditugu kontzertuetan, eszena osasun ona duenaren seinale. Hori gutxi balitz, metalzalea jarraitzaile fidela da, eta hau gauza handia da. Mila esker guztiori; bidaia hau gurekin hasi zutenei, dirautenei eta etorriko direnei.
Inaxio Esnaola Aranzadi