Barañaingo Arima Sutan rock/metal taldea hiruko moduan itzuli da, hamabost urte luzeren ondoren. Iker Zia (ahotsa eta baxua), Eneko Zabalza (ahotsa eta gitarra) eta Arkaitz Ezkai (bateria) elkartu dira aro berrirako. The Icer Company, Virenque eta Izaki Gardenak bandetan aritu dira azken urteotan.
Udazkenarekin batera, Oro ez da urre hirugarren diskoa argitaratuko dute. Adrian Vallejorekin grabatu dute Musiikki estudioetan, eta Alex Ros gitarristaren laguntza izan dute.
Zazpi abestiko lanaren azala eta lehen singlea aurreratu dituzte.
01. Bizitza zirriborroan
02. Gaztazarra
03. Oro ez da urre
04. Ibar kezkagarria
05. Ez
06. Ezekieli erantzuna
07. Mamuak II
Disko berrian Mastodon, Gojira eta Kvelertak gisako taldeen eragina nabari dela dio hirukoak. Horrekin batera, Itoiz taldearen Ezekiel abestiaren bertsio berezi bat jaso dute lanean.
Aurrerapen abestia, berriz, Gaztazarra da, eta Nafarroako kultur kazetari ezagun bati eskaini diote.
Arima Sutan 2005ean sortu zuten. Etena egin aurretik, maketa bat eta bi disko kaleratu zituzten: Marratik kanpo margotzen (2008) eta Maskarak (2009). Musikalki, heavy metal progresiboa lantzen ari zirela esan genezake, baina gerora rock/metal alternatiboaren alde egin zuten.