2026/01/20

Aschen bikoteak prest du 'The Never Ending Search' estreinako diskoa

Nafarroako Aschen black metal bikoteak The Never Ending Search iraupen luzeko diskoa osatu du. Laster kaleratuko dute Italiako Wormholedeath zigiluaren bidez.

Mikel Telletxea musikari beratarraren bakarkako proiektua da. Ahotsez, gitarrez eta programazioez arduratzen da. Orain, berriz, Doneztebeko Atauzz (2sonT, Korkut, Kurkuma) baxu jotzailea batu zaio.

Lan berria Iñigo Irazokirekin grabatu zuten iazko abuztuan Berako Atala estudioan, eta Toni Lindgren soinu teknikariak masterizatu du Suediako Fascination Street Studios ezagunetan.

Telletxeak berak egindako azala eta abesti zerrenda topatuko dituzue segidan:

01. Sasi Santuaren Amiltzea
02. From the Depths of Decay
03. Azken Arbolak
04. Buried Name
05. Black Hounds of Justice
06. The Never Ending Search
07. The Forsaken Redeemer
08. The Last Glow
09. Amal

Diskoari buruz, hau da Telletxeak dioena: "Tentsio dinamikoaren esplorazioa eskaintzen du. Black metalaren ADNa argi mantentzen den bitartean, banda, berez, estilo ezberdinetan zehar mugitzen da, etengabeko aldaketa erritmikoak ezaugarri dituztelarik, hutsik gabe mugituz dooma itogarriez betetako pasarteetatik taupada gupidagabeetara, riff suntsitzaileetara, eraso gordina ehundura sorgorgarriekin, melodikoekin eta sakontasun emozionalarekin harmonizatuz, generoaren tropo tipikoak gainditzen dituen intentsitate espektro bat gogora ekarriz". 

Aldiz, ingelesezko eta euskarazko letrak tartekatu dituzte. "Ohiko gai sataniko edo paganoetatik aldenduz, taldearen narrazioak giza psikeak bere barne hausturei aurre egiteko duen ezintasuna aztertzen du. Haien poesiak islatzen du nola beheraldi indibidual horrek durundi egiten duen gizarte dekadente baten eta mundu natural sufritu baten bidez", azaldu du beratarrak.

Aschen 2019an sortu zuen Telletxeak, eta 2024an 2024an plazaratu zuen lau abestiko maketa, Igor Valle baxu jotzailearen laguntzarekin. 

Hurrengo kontzertuak