2021/11/24

Asgarth bandak "Zeldatik" singlea aurkeztu du

Añorgako Asgarth heavy metal taldeak Zeldatik abestia estreinatu du, datorren urtean plazaratuko duen izen bereko disko berriaren lehen singlea. Usurbilgo Higain estudioetan grabatu dute, Haritz Harreguyren gidaritzapean.

Boskoteak honela aurkeztu du: "Abesti honekin taldea bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, eta gainerako doinuek ere lotura handiagoa izango dute lehen diskoekin, duela 16 urteko 'Garrasia' azkenekoarekin baino. Aldi berean, soinua eraberritu dugu eta horretan ekarpen handia egin dute taldekide berriek. Denok konfinatuta egon garen honetan, disko berria etxetik, zeldatik, egindako lan bat izan da. Argi izpi bat topatu nahian, abestien hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak dira".

Gipuzkoarrak urtarrilaren 15ean itzuliko dira taula gainera. Añorgako zinema zaharrean abiatuko dute bide berria, 2007an agur esan zuten toki berean. Sarreren salmentaren inguruko informazioa datozen egunetan jakinaraziko dute, sare sozialen bidez.

Iazko urtarrilean itzuli zen Asgarth, 13 urte luzeren ondoren. Gainera, boskotea berrituta. Asier Enbil abeslaria, Ander Cañas gitarrista eta Unai Zabala gitarrista dira jarraitzen dutenak, eta bi musikari berriak Mikel Yarza (Hilotz) baxu jotzailea eta Etxahun Urkizu bateria dira.

Hurrengo kontzertuak