Añorgako Asgarth heavy metal taldea bosgarren diskoa grabatzen ari da Usurbilgo Higain estudioetan, Haritz Harreguyren gidaritzapean.
Iazko urtarrilean iragarri zuten bueltan zirela, 13 urte luzeren ondoren. Gainera, boskotea berrituta. Asier Enbil abeslaria, Ander Cañas gitarrista eta Unai Zabala gitarrista dira jarraitzen dutenak, eta bi musikari berriak Mikel Yarza (Hilotz) baxu jotzailea eta Etxahun Urkizu bateria dira.
Pandemiaren ondorioz, ez dira taula gainera igo, baina iazko konfinamenduan beraien errepertorioko kantu ezagun baten bideoa plazaratu zuten: Heriotzaren Aurpegia.
1997an sortu zuten banda, eta entsegu lokalean landuriko abestiekin lehen maketa grabatu zuten. Maketa horri esker Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten, eta sekulako arrakasta lortu. Jainkoen Egoitza eta Etorkizunaren Sustraia lehen bi diskoekin euskal heavyaren bigarren belaunaldiko gidariak izan ziren. Gerora, III hirugarren lan interesgarriena plazaratu zuten, eta hard rock kutsuko Garrasia laugarrenarekin agur esan zuten 2007an, Añorgako gaztetxean.