2020/05/12

Asgarth: "Heriotzaren Aurpegia" abestia berritu dute

Añorgako Asgarth heavy metal bandak urte berrian sartzearekin batera iragarri zuen itzulera. 13 urteren ondoren, pasa den maiatzaren 9an taula gainera itzultzeko asmoa zuten. Gainera, azken kontzertua eman zuten leku berean: Añorgako zine zaharrean. Ordea, ez da posible izan koronabirusak sorturiko egoerarengatik. Horrela ere, boskote berrituak Heriotzaren Aurpegia kantua eguneratzeko ideia aurrera eraman du, eta konfinamendutik bertsio bat plazaratu dute.

"Duela 20 urte konposatu eta grabatu genuen, zaleen abesti kuttunenetako bat bilakatu zen beherehala, eta gogoa genuen doinu berezi horiek berreskuratzeko, abestia lehenengoz jaio zeneko une horiek beste behin ere bizitzeko", adierazi dute. Hain zuzen ere, bi kide berriekin aurkeztu dute abestiaren moldaketa. Asier Enbil (abeslaria), Ander Cañas (gitarra) eta Unai Zabala (gitarra) musikariekin bat egin zuten iaz Hilotz taldeko Mikel Yarzak (baxua) eta Etxahun Urkizuk (bateria).

Zuzeneko emanaldietako asmoak aldatu behar izan dituzte, eta egoerak hobera egitean itzulerako data berri bat iragarriko dutela adierazi dute: "Irrikan gaude zuek guztiokin berriz ere topo egin eta elkarrekin gozatzeko".

1997an sortu zuten banda, eta entsegu lokalean landuriko abestiekin lehen maketa grabatu zuten. Maketa horri esker Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten, eta sekulako arrakasta lortu. Jainkoen Egoitza eta Etorkizunaren Sustraia –lan honetakoa da Heriotzaren Aurpegia abestia– lehen bi diskoekin euskal heavyaren bigarren belaunaldiko gidariak izan ziren. Gerora, III hirugarren lan interesgarriena plazaratu zuten, eta rock kutsuko Garrasia laugarrenarekin agur esan zuten 2007an, Añorgako gaztetxean.

Hurrengo kontzertuak