2020/01/01

Asgarth taldeak bueltan dela iragarri du

Urte berriko albistea da Añorgako Asgarth heavy metal bandaren itzulera. Boskotea osatuta taula gainera igoko dira 13 urte luzeren ondoren. Entsegu lokalean denbora daramaten arren, urte berriarekin batera erabaki dute itzulera iragartzea sare sozialen bidez. Bi musikari berri ditu taldeak, eta biak Hilotz bandakoak dira: Mikel Yarza baxua eta Etxahun Urkizu bateria. Aldiz, hasierako hiru kidek jarraitzen dute: Asier Enbil abeslaria, Ander Cañas gitarra eta Unai Zabala gitarra.

1997an sortu zuten banda, eta entsegu lokalean landuriko abestiekin lehen maketa grabatu zuten. Maketa horri esker Euskadi Gaztearen maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten, eta sekulako arrakasta lortu. Jainkoen Egoitza eta Etorkizunaren Sustraia lehen bi diskoekin euskal heavyaren bigarren belaunaldiko gidariak izan ziren. Gerora, III hirugarren lan interesgarriena plazaratu zuten, eta rock kutsuko Garrasia laugarrenarekin agur esan zuten 2007an, Añorgako gaztetxean. Ikusteko dago musikalki zein joera landuko duten aro berri honetan.

Hurrengo kontzertuak