Gipuzkoako Asgarth heavy metal bandak Jainkoen egoitza lehen lana gogora ekarriko du. 25 urte bete ditu eta kontzertu berezi bat emango dute abenduaren 14an, Donostiako Dabadaba aretoan.
Boskoteak aurreratu duenez, diskoa osorik joko dute, eta baita errepertorioko beste hainbat abesti ere. Horrekin batera, sorpresaz beteriko gaua izango dela iragarri dute.
Estreinako lanaren inguruko testuingurua topatuko duzue jarraian:
Asgarth 1997. urtean sortu zen, Donostiako Añorga auzoan. Dena dela, taldea urtebete geroago finkatu zen, bost kiderekin: Ander Cañas (gitarra), Unai Zabala (gitarra), Joxi Perurena (baxua), Iban Fernandez (bateria) eta Asier Enbil (ahotsa). Garai hartan, gazte horien batez besteko adina 20 urtekoa zen. 1999an, nahiko abesti propio osatu ondoren, gipuzkoarrek lehen maketa ekoiztea erabaki zuten. Hala, ekainetik uztailera bitartean, zazpi kantu grabatu zituzten, Bilboko Rock Studios grabazio estudioan, Carlos Creator ekoizle eta teknikariaren gidaritzapean. Jainkoen egoitza izeneko lehen grabazio horri esker, taldeak erantzun ona izan zuen zenbait musika lehiaketatan. Voces A Escena izenekoan, finalera iritsi zen, eta Euskadi Gaztea irratiko IX. Maketa Lehiaketan, entzuleen saria eskuratu zuen. Azken lorpen horri esker Añorgakoek sekulako arrakasta izan zuten gazteen artean. Asgarth orduko talde bilakatu zen, euskarazko heavy metalaren susperraldiarekin batera. Hori dela eta, grabazio hura zenbait diskoetxeetara bidali zuten, kontratu bat topatzeko. Azkenik, IZ diskoetxearekin sinatu zuten, eta Jainkoen egoitza (1999) Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten.
Zazpi abesti hauek ditu diskoak: Jainkoen egoitza, Ekaitza, Ideia antolatuak, Magia, Zu gabe, Amaigabeko lurraldea eta Atxerri.
Gerora, donostiarrek beste lau disko kaleratu dituzte, eta Zeldatik da berriena, 2022an plazaratu zutena.
Gaur egun, bost musikari hauek osatzen dute Asgarth: Asier Enbil (ahotsa), Unai Zabala (gitarra), Ander Cañas (gitarra), Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria).
Bostak elkarrekin ikus ditzakegu aurkeztu dituzten azken bi bideoklipetan:
Asgarth - Kale gorrian
Asgarth - Zeldatik