Itzulerak merezi izan du, itxaronaldiak bezainbeste. Añorgako Asgarth taldea biziberrituta bueltatu da Zeldatik bosgarren diskoarekin. Euren ibilbideko borobilena eta orijinalena da. Boskotea gaztetu izanak arnasa eman dio beraien euskal heavy klasiko, melodiko eta irisgarriari. Are gehiago, iazko heavy metal argitalpen eta ekoizpen esanguratsuenetako bat da.
2020ko urtarrilaren 1ean bueltatu ziren, 13 urte luzeko etenaren ostean. Dena dela, izurri berri batek nabarmen mantsotu zuen boskote berrituaren erritmoa. Denbora gelditu zen garai hartan, kanta berriak egiteko aprobetxatu zuten, eta 2021eko irailean grabatu zituzten. Lan berria urtebete inguru izan zuten giltzapean, azkenik, pasa den urteko abenduan askatu zuten arte. Agertokietara, berriz, lehenago itzuli ziren, zorionez. Iazko maiatzaren 28an izan zen, 2007an uztea erabaki zuten leku berean: Añorgako Zinema zaharrean.
Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekide beteranoek ezin hobeto abiatu dute bigarren aroa. Horretarako, bi musikari eta bidelagun apropos dituzte alboan: Etxahun Urkizu eta Mikel Yarza. Elkarrekin lortu dute Asgarth beste maila batera eramatea. Enbilen ahotsak iraganean baino indartsuago luzitzen du, eta Cañas zein Zabala gitarristek hautsa astintzea lortu dute. Urkizu bateriaren eta Yarza baxu jotzailearen konpainiak dirudiena baino gehiago eraldatu du gipuzkoarren proposamena.
Gautxoriak esentzia zahar eta berriak dakartza, iluntasunetik argira. Zeldatik indartsua da hasieratik bukaerara, eta indartsuenak melodiak dira. Heavy alemaniarra da abiapuntua (Zeldatik), baina thrash metala (Izurri berria, Nahi nukeen herria eta Parasitoa), hard rocka (Kale gorrian eta Gainditu dut) eta power metala (Ispilu zelataria eta Ezin bizi) tartekatzen dituzte normaltasun osoz. Horietatik aipagarriena da Izurri berria, konposizio finena eta diskoko harribitxia delako. Aldiz, bereziena, sentituena eta aipaturiko esentziak ondoen nahasten dituena da bi zatik osatzen duten Abdoulayren abestia (Abdoulayren agurra eta Abdoulay).
Egiari zor, Asgarthek detaile guztiak landu eta zaindu ditu. Sormenaren maila berean dago Haritz Harregirekin lorturiko soinu organikoa eta erreala. Heavy metal ekoizpen artifizialetatik urrun dago, eta gure belarriek eskertuko dute. Begiekin ere gozatzeko modukoa da diskoaren argitalpen fisikoa, Iker Bengoetxea artistak egindako lanari esker. Harrigarriena da Asgarthek autoekoizpenaren bidea hartu izana. Batez ere, disko bikain honi hedapen handiagoa eman behar zaiolako.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Argi Izpiak
02. Zeldatik
03. Izurri Berria
04. Kale Gorrian
05. Gainditu Dut
06. Ispilu Zelataria
07. Abodulayren Agurra
08. Abdoulay
09. Nahi Nukeen Herria
10. Ezin Bizi
11. Parasitoa
Entzun: