2021/12/16

"Ateratzen zaigunetik gustatzen zaiguna jotzen dugu"

Umil bezain ausart azaleratu da Legazpiko Anker taldea. 2019ko udan elkartu zirenetik, ikasten eta hazten ari dira, baina ez dute ezer ezkutatzeko. Entsegu lokalean landuriko abesti propioak Gizagaitza estreinako diskoan biltzea erabaki zuten. Hasiberrien freskotasuna dute, eta ikasten jarraitzeko grina. Lau musikarik osatzen dute banda: Joanes Legarda-Ereño (abeslaria eta gitarrista), Eneko Altzelai (gitarrista), Urko Ventureira (baxua) eta Jon Unzurrunzaga (bateria). Metal klasikoaren eta modernoaren artean kokatzen dira, eta ikusteko dago izango duten bilakaera. Momentuaz hitz egin dugu Altzelai gitarristarekin.

Duela bi urte Brinkolan elkartu zineten talde bat sortzeko asmoarekin. Nolakoa izan zen zuen hasiera?

Bai, Brinkolako garajean elkartu ginen Jon Ander Arnaiz Jota, Joanes Johan eta hiruok transistorezko anplifikadore txikiekin, eta hasierako gitarra xume batzuekin momentu hartan lortu ahal izan genuen materialarekin. Ideia askorik gabe, baina gogo handiz atera genituen lehen riffak eta melodiak elkarrekin jotzen.

Hasiera batean, beste izen bat zenuten: Death Rituals. Zergatik erabaki zenuten aldatzea?

Boskotea osatu eta Death Rituals gisa sartu ginen Legazpiko Subeltza kolektiboaren musika lokaletan. Hasiera hartan, Obituaryren Redneck Stomp eta Visions In My Head, Judas Priesten Breaking The Law, Black Sabbathen Paranoid –Megadeathen moldaketa–, Danzigen Mother eta beste bertsio pare bat jotzen genituen. Era berean, Anker, Nire Infernua eta Eromenaren Senide kantu propioen egiturak lantzen ari ginen.

Denbora batera, Jotak taldea utzi behar izan zuen. Handik aurrera, gure artean berrantolatu eta laukote modura elkarrekin jarraitzea erabaki genuen. Gainera, izena aldatzea eta gure abesti propioei lehentasuna emateko bidea hartu genuen gaur egun arte.

Anker izena zergatik hautatu zenuten? Bazenekiten Bizkaian izen bereko beste talde bat egon zela?

Bai, hala da. Euskarazko izen motz eta indartsu bat behar genuela konturatu edo izatea erabaki genuen. Lehenago Urko eta ni ezerezean geratutako Aker izeneko proiektuan izan ginen, eta niri izena gustatzen zitzaidan baina gainontzekoak ez zuten izena errepikatzea nahi. Beraz, nahiz eta beste aukera batzuk mahai gainean izan Aker izenari n hizkia itsastea erabaki genuen Anker sortuz.

Lehendabiziko gauza Interneten eta plataforma desberdinetan Anker izena bilatzea izan zen. Hasiera batean, ez genuen ezer aurkitu, baina bilaketan sakondu ondoren Alonsotegin Anker izeneko beste talde bat zegoela ohartu ginen. Demo bat zuten eta ez genekien oraindik kontzertuak jotzen jarraitzen zuten. Beraz, beraiekin harremanetan jarri ginen, eta ez genuenez erantzunik jaso izenarekin geratzea erabaki genuen.

Entsegu lokalean sorturiko abestiak Gizagaitza lehen diskoan jaso dituzue. Maketa izan ohi da banda askoren lehen grabazioa. Aldiz, zuen lehen erreferentzia disko bat da. Zergatik?

Anker sortzerako orduan argi eta garbi ikusi genuen denok berdin pentsatzen genuela, eta disko bat kaleratzea zela guztion helburu eta erronka. Lehendabiziko lan gisa maketa bat egitea ere baloratu genuen, baina hasierak ez dira batere errazak izaten. Horretarako behar ziren baliabideak eta disko bat kaleratzeko behar direnak konparatuz seriotasunez diskoari ekitea erabaki genuen. Horrela, bederatzi abesti propioz osaturiko Gizagaitza diskoa kaleratu dugu.

Diskoak zortzi kantu, sarrera bat eta instrumental bat ditu. Gustura zaudete zuen lehen emaitzarekin?

Bai, noski. Ideia askorik gabe, baliabide gutxirekin eta izan ditugun gainontzeko baldintzei aurre eginez horrelako lehen lan bat argitaratzea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Pertsonalki geure buruaz harro egoteko lehen lana dela uste dugu.

Pandemiak zenbatean baldintzatu du grabazioa eta argitalpena?

Pandemiak garrantzi handia izan du diskoaren kantak sortzeko eta grabatzeko prozesuan. Pertsonalki edo fisikoki izan beharrean, beste tresna batzuk erabili behar izan ditugu helburuak eta egin beharrak burutzen jarraitzeko.

Laukote gisa ageri zarete argazkietan, baina bosgarren bat ere nabari da zuen alboan, Aimar Ibarzabal. Ilun Produkzioak estudioan grabatu duzue lana. Nolakoa izan zen esperientzia?

Aldez aurretik, Aimarri eskerrak emanez, ohore bat izan da denok batera elkarlanean aritzea. Barre algara ugari eta ondo pasatzeaz gain, asko ikasi dugu elkarrekin eta eskarmentu bat izango da hemendik aurrera ondorengo lan eta elkarlanetarako.

Musikalki, zenbatean lagundu dizue Aimar berak?

Bai, bere iritzi eta jakinduria gauzak egiteko gure erarekin nahastuz joan gara, elkarrekin abestiak biribiltzen. Bereziki, melodia baten ahots desberdinak ateratzeko unean edo melodia bera ixteko unean izan du garrantzia handia Aimarrek. Gainera, Anker abesti instrumentalari bigarren zatian solo polit bat erantsi dio.

Zuen proposamena argitu dezagun. Heavy, thrash zein groove metal doinuak jorratzen dituzuela esan daiteke. Eragin horiek jaso dituzue kantuetan ala gehiago daude?

Bai, gure artean beti aipatzen dugu: ateratzen zaigunetik gustatzen zaiguna jotzen dugu. Doinu eta erritmo desberdinak elkartzen saiatzen gara egitura bat izan arte. Gero, letra bat sortu eta abestira egokitzen dugu kanta bere osotasunean sortu arte. Lortutakoa, gustuko ditugun abesti eta taldeen eraginetatik ateratakoak dira asko, baina beti gure esentziarekin.

Elbereth herrikideekin harreman berezia duzue. Zuen etxeko erreferenteak dira?

Bai, hortaz gain, asko lagundu digute beti. Adibidez, gure lehen kontzertua pandemiatik bueltan zuzenean jotzeko eta beraiekin agertokia partekatzeko aukera eman ziguten. Gainera, lagun onak dira.

Zeintzuk dira beste talde erreferenteak?

Bakoitzak bere gustu eta erreferente propioak ditu, baina horietako asko partekatzen ditugu. Nazioarteko taldeei dagokienez, Trivium, As I Lay Dying, Bullet For My Valentine eta Lamb Of God dira. Eta herriko burdinatik Latzen, Su Ta Gar eta Asgarth dira gure erreferente batzuk.

Elbereth aipatuta, beraiekin batera igo zineten taula gainera lehendabiziko aldiz. Nolakoa izan zen esperientzia?

Lehen aldiz, taula gainean jotzean zer sentitzen den bizi ahal izan genuen Johanek eta nik adibidez, Urko eta Unzu ohituagoak zeuden momentu hartan. Hala ere, guztiontzat izugarrizko esperientzia izan zen, eta ondo pasa eta asko ikasi genuen. Dena dela, nahiko hotza izan zen koronabirusaren neurriengatik.

Aimar Ibarzabal aipatu dugu lehen diskoaren grabazioari erreferentzia egiteko. Dena dela, ez da horretara mugatu. Bideoklipak egiten ere bere laguntza izan duzue, ezta?

Bai, hala da. Guztiontzat lehen aldia izan da esparru honetan, eta Aimarrekin hiru bideoklip grabatu ditugu. Ekaitza Jon Tirapuren laguntzarekin burutu genuen, Eromenaren Senide Txoritokietan gerra zibilerako eraiki zen gotorlekuan grabatu genuen, eta Garai berri baten hasiera Pilatosen balkoian.

Zergatik hiru bideoklip?

Aimarrek aukera eman zigun hiru bideoklip grabatzeko, eta ideia gustatu zitzaigun. Momentuz ez daukagu bideoklip gehiago ateratzeko asmorik, oraintxe kamisetak atera eta kontzertuak jotzea da helburua.

Elberethekin emandako lehen kontzertuaren ondoren beste batzuk etorri dira. Horietan zer moduz moldatu zarete?

Bai. Kontzertu bakoitza desberdina izan da, eta azkena oso bestelakoa izan zen. Bai publikoaren jarreraren aldetik, eta baita ere gure jotzeko erarengatik. Ikasten jarraitzen dugu.

Aurrera begira, kontzertu gehiago dituzue lotuta?

Abenduaren 18ko Hezurre Fest jaialdian jo behar genuen, baina Covid neurriengatik atzeratu egin dute. Beraz, oraintxe ez dugu ezer lotuta, baina zuzenean jotzeko aukerak beti izango dira ongietorriak Ankerrentzat.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak