BackBone - Rebirth

Euskal Herrian stonerra eta rock astunena jorratzen duten taldeen emaria oparoa, osasuntsua eta gero eta maila handiagokoa da. Horren eredu dira Cobra, Rodeo, Tooth eta Horn of the Rhinoren errautsetatik sorturiko Funeral Sun. Banda horien artean dago BackBone; bi lan laburren ostean, Rebirth iraupen luzeko lehen diskoa plazaratu du Gernikako boskoteak.

Pisutsu bezain boteretsua da euren soinua, musikak berak transmititzen duen handitasun sentsazioaren parekoa. Abestiak, aldiz, zuzenak eta eraginkortasunez egituratuak; errepika gogoangarririk gabe bada ere, bizkaitarrek beti egin ohi diote tartea melodiazko pasarte seinalaturen bati eta horrek kantuak are gustagarriago bilakatzen ditu. Zentzu horretan, ahotsa izan liteke lanketa harmoniko zabalago baten onuradun nagusia, azken batean, abestien une nabarmengarrienak sokazko instrumentuetatik baitatoz. Nuajasabs Revenge eta We the Flames kantuek estiloan maisu diren hainbat izen handi ekar diezazkigukete gogora, Crowbar edota Kyuss kasu. Paradoxa modura, honakoa iraupen luzeko lehen lana izanik, diskoaren laburtasuna bera da taldearen alde jokatzen duena, amaiera berehala ailegatu eta berriz ere errepikatzeko gogoa gailentzen baita entzuleen artean.

Sormen, ekoizpen zein ilustrazio, boskote gernikarraren Rebirth aurrerapauso bat da alor guztietan. Azaleko irudira eraman duten birsortzearen inguruko kontzeptuak ere badu mamia, hasiera batean abstraktuagoa dirudien alderdi lirikoaren antzera, lotuta egon daitekeelako ere hein batean talde barneko eraberritzearekin. Aro berriak uzta emankorra ekar beza.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. The Crab's Holding
02. Beginning of the End
03. Nuajasab's Revenge
04. Pagan Ceremony
05. We The Flames
06. Shells

Entzun:

Hurrengo kontzertuak