Nafarroako Belex pagan black metal banda euskalduna abiatu dute hainbat musikarik. Gaueko abeslaria izan zen sortzailea, eta pixkanaka osatu zuen laukotea Napharesh gitarristarekin, Hartzhila baxuarekin eta Sarraski bateriarekin. Norothin, Allowance eta Vertigo Rising bandetako kideak edo kide ohiak dira.
Ilbeteak Gidatzen Nau estreinako abestia aurkeztu dute, eta jarraian entzun dezakezue:
Belex izenaren esanahia azaldu digute: "Antzinako izen bat nahi genuen, euskaldunen bertsiorik primitiboena irudikatzen zuena eta hona etorri zen Belex, oso antzinako hildako baten izena, Akitaniako estela batean inskribatua zeinaren esanahia 'beltza' edo 'belea' esan zezakeen. Beraz, 'belea' edo 'bele beltza' bezala identifikatzen gara". Estreinako kantari dagokionez, bidea bakarrik egitea aukeratzen duten otsoetan oinarriturikoa da.
Taldearen inguruan, berriz, ondorengoa nabarmendu dute: "Metal eragin ezberdinetako eta Nafarroako hainbat tokitako lau kide gure lurraldeko soinurik primitibo, sakon eta ilunena ateratzeko elkartu ginen. Gure letrek, denak euskaraz, bestela ezin zen moduan, euskal nafar mitologia eta historia gisako gai orokorragoei buruz mintzatzen dute, baita introspekzioa bezalako gai pertsonalagoei buruz ere".