30 urte bete dituzten Euskal Herriko talde gutxi daude, eta are gutxiago dira zenbaki borobil horren jabe diren metal taldeak. Zarauzko Eraso! horietako bat izatear da. Izan ere, hiru hamarkadako bidea osatuko dute 2025. urte bukaeran. Hori izango da laukotearen iraungitze data? Horrela izango dela dirudi. Oraindik, ordea, hilabete asko falta dira gipuzkoarren kontzertuez gozatzeko. Agertokietatik agurtzea erabaki dute, eta oso sentituak ari dira izaten emanaldiak. Baita elkarrizketa hau ere, atzera begirakoa, nostalgikoa, taldearen historia laburtzen duena, eta eskaini diguten bereziena. Eskerrik asko!
Azken batean, zuen ibilbidea itzaltzen ari da?
Bizitzak ziklo naturala jarraitzen du. Jaiotzen den guztia hil egingo da, eta bide bakoitzak helburu batera eramaten du ezinbestean. Sugarrak itzaltzen dira, baina uhinak, eta bibrazioak hedatzen jarraitzen dute, unea gainditzen duten arrastoak utziz. Zerbait amaitzen denean, zerbait berria sortzen da. Bide bat amaitzen den tokian, beste bat hasten da, eta sua itzaltzen denean, beste bat pizten da, are indartsuagoa, horizontea argitzeko.
Beraz, zuen agurra edo epilogoa da Azken batean diskoa?
Hiru urteko lan arduratsu eta zainduaren emaitza da, 48 minututan kondentsatuta. Hamabi abestik osatzen dute gure ibilbidearen epilogoa, eta agur esateko azken txanpa markatzen dute. Taldeak agur esango die agertokiei Azken taupadak birarekin, 2025. urtearen hondarrean bukatuko dena, taldearen 30. urteurrenarekin bat eginez.
Atzera begira jarrita, ikusten duzuena nola laburbilduko zenukete?
Oso zaila litzateke hainbeste oroitzapen eta bizipen hitz gutxitan laburtzea. Atzera begiratu eta Eraso! gogoratzeak harrotasunez eta eskertasunaz betetzen gaitu, beti irribarre bat eraginez.
Gazteak ginenean genituen ametsak bete ditugu, gure garaiko talde ikonikoenetako batzuekin oholtza partekatuz: Machine Head, Sepultura, Korn, Slayer... Gure barru-barrutik sortzen den musika grabatu dugu, beti originaltasuna eta nortasuna bilatuz, inolako beldurrik gabe gure izaera erakusteko. Bidean, uneak partekatu ditugu hainbat talderekin: batzuk aurrera jarraitzen dutenak, beste batzuk jada ez daudenak, eta itzuli direnak ere bai.
Aldaketa handien lekuko izan gara: kaseteen, VHS bideoen eta MySpace bezalako plataformen desagerpena; CDaren gainbehera eta biniloaren berpizkundea. Orain algoritmoek eta sare sozialek menderatutako mundu batean bizi gara, eta musika sortzea baino zailagoa dirudi ikusgarritasuna lortzea —askotan ordain ekonomiko baten truke—.
Eskuz egindako kartelak kaletan itsasteko ohituratik hasi eta orain stories, reels eta argitalpen digitalak sortzeraino iritsi gara. Gaztetxe xumeetan, ia argirik gabe jotzetik, soinu eta argiztapen teknologiaren azken berrikuntzek hornitutako agertokietara iritsi gara.
Eraso! zalantzarik gabe gure bizitzetako obra handiena izan da. 30 urteko dedikazio eta pasioa etengabean lagun izan dugu, eta bai maila pertsonalean bai musikalean hazten lagundu digu. Esperientzia paregabeak eta, batez ere, musikarekiko zaletasuna eta kezka berberak partekatzen ditugun lagun handiak oparitu dizkigu.
Urrun geratu da 1996. urtea. Estigia eta Anestesia taldeen herri berean, Zarautzen, lau gazte elkartu zineten Eraso! izenpean. Hasiera gordinagoa izan zenuten, thrash/groove metaletik hurbil. Horren eredu dira Guztiaren arabera... eta Gaua maketak. Zergatik hautatu zenituzten doinu gordin horiek?
Hasiera batean, gure erreferentzia Metallica izan zela esan genezake, baina geure garun nerabeetan benetako klika egin zuen diskoa Panteraren Vulgar Display of Power izan zen. Musika hori egiteko moduarekin eta zuen jarrerarekin oso identifikatuta sentitzen ginen. Paradise Lost eta Sepultura ere guretzat oso eragin handiko taldeak izan dira.
Garai hartan, musika internazionala ez zen gaur egun bezain eskuragarria. Ohikoa zen kaseteak egitea bildumekin, gaur egungo Spotify zerrenden antzekoak, baina formatu analogikoan, lagunen artean trukatzeko. Musika asko kontsumitzen genuen, eta estilo askotarikoa gainera.
Gure eraginak batez ere 1991. urteak markatu zituen, eta hiru hilabeteko epe laburrean, rockaren ulermena aldatu zuten disko enblematiko batzuk kaleratu ziren. Horien artean zeuden Metallicaren disko beltza, Guns & Roses-en Use Your Illusion I & II, Red Hot Chili Peppersen Blood Sugar Sex Magik, Nirvanaren Nevermind eta Soundgardenen Badmotorfinger. Halaber, beste diska aipagarri batzuk ere izan ziren, hala nola, Skid Row-ren Slave to the Grind, Slayer-en Season in the Abyss eta Death-en Human.
Mugimendu hau urte batzuetan zehar jarraitu zen kaleratze ikonikoekin. 1992an, adibidez, Panteraren Vulgar Display of Power, Faith No More-ren Angel Dust, Helmet-en Meantime, Kreator-en Renewal eta Megadethen Countdown to Extinction. 1993an, Sepulturaren Chaos A.D., Paradise Lost-en Icon, Tool-en Undertoe eta Carcass-en Heartwork iritsi ziren. Eta 1994an, Machine Head-en Burn my eyes, Korn-en Korn, Channel Zero-ren Unsafe eta Pro-Pain-en The truth hurts kaleratu ziren, beste askoren artean.
Gaua maketa gure asmoen adierazpen bat izan zen, etorriko zena iragartzen zuen aurrerapena.
Erreferentziak erreferentzia, gordintasun hori eraldatu, pausatu eta eboluzioari bide eman zenioten. Erantzunik gabe estreinako diskoa jo ohi da zuen abiapuntutzat, eta askok Eraso! nu metalaren eta metal alternatiboaren zakuan sartu zuen. Horrelakoa zen orduan jorratzen/entzuten zenuten musika?
Bigarren maketarekin, leku guztietan aritu ginen etengabe jotzen, eta talde gisa funtzionatzeko benetako dinamika bat garatzen hasi ginen. Prozesu horretan, gure soinua sendotzen joan ginen, estilo eta identitate pertsonalago bat eraikiz, eta hori Erantzunik gabe estreinakoan islatu zen.
Garai hartan, era berean, talde berri asko gustatzen zitzaizkigun. Hala nola, System Of A Down, Queens Of The Stone Age eta Deftones.
Mil A Gritos zigilu gasteiztarraren garrantzia ezin aipatu gabe utzi. SAko kideek sortu zuten, eta beraiekin argitaratu zenituzten lehen bi diskoak: Erantzunik gabe (1999) eta Oraina eta geroa (2001). Zenbateraino lagundu zizuen haien konpainiak hazten eta hedatzen?
Erantzunik gabe diskoa izango zenaren lehen lau abestiak Mil A Gritos eta garai hartako beste diskoetxe batzuei bidali genizkien. Mil A Gritos izan zen aukera eskaini ziguna, eta haiekin bi diskorako kontratua sinatu genuen. Gogoan dugu, Gasteizen izandako lehen bileran, bulegoan jasotako 400 maketa baino gehiago zituen apalategi bat erakutsi zigutela, eta aukeratutako bat gurea izan zen. Han ezagutu genituen Soziedad Alkoholika, eta ordutik harreman ona izan dugu. Kontzertu batzuetara gonbidatu gintuzten, eta Madril, Bartzelona eta beste hiri batzuetako areto handietan jotzera eraman gintuzten. Horrek publiko zabalago batengana iristen eta zuzenekoetan esperientzia hartzen lagundu zigun.
Garai hartan, zuzeneko kontzertuak jendearengana iristeko eta zure musika ezagutarazteko moduetako bat ziren; gaur egun, hori gehiago birtuala bihurtu da.
Beti egongo gara eskertuta haiekin. Hala ere, bizitzako gorabeherengatik, Oraina eta Geroa bigarren diskoa kaleratu eta gutxira, Mil A Gritos Records itxi egin behar izan zuten.
Aro bat itxita, Metak zigiluarena etorri zen, eta haiekin beste bi disko kaleratu zenituzten Grisez bustitako egunak (2003) eta Kontra (2005). Biak etengabe azalberritu izan duzuen proposamenaren unean uneko argazkiak dira. Bata emozionalagoa, bestea amorru gehiagokoa. Ados zaudete?
Mil A Gritosen itxiera kolpe gogorra izan zen, baina garai hartan musika industriaren aldaketak nabaritzen hasiak ziren. CD digital formatua indarra hartzen ari zen, eta kopia digitalak sortzeko erraztasunak asko zaildu zuen gure moduko proiektu independente txikien egoera. Beste diskoetxe batzuekin hainbat bilera izan genituen, eta azkenean Metak diskoetxearekin akordioa lortu genuen, eta hurrengo bi diskoak haiekin sinatu genituen.
Gure sormen eta ekoizpen garairik onenean geunden. Jada irratian entzuten hasi zen gure musika eta hainbat telebista saiotan agertu ginen ere.Thrash eta nu metal ukituko metala egiten ari ginen.
Hirugarren diskoarekin, rockeroagoak eta grunge estiloko lurraldeak esploratzera ausartu ginen, baina gure amorrua eta power chords-ak alde batera utzi gabe. Gure estilo propioaren bila ginen, eta horregatik Grisez bustitako egunak sortu genuen, zuk ondo diozun bezala emozionalagoa, eta ordura arte ikasitako arau asko hausteko asmoz. Disko horren eta ondorengo biraren ostean, Amaiurrek taldea utzi zuen musika ikasketetan guztiz murgiltzeko.
Taldea ondoen zegoen unean, zerbait hautsi zen. Berrasmatu behar izan genuen, eta elkarrekin genuen adiskidetasunagatik, Estigiako Ander Izetari baxu jotzaile gisa sartzea proposatu genion, nahiz eta gitarra jotzaile bikaina izan. Onartu zuen, eta aire metalzaleago bat ekarri zuen. Ander taldera batu ondoren, Kontra sortu genuen, disko gordin eta oldarkorra, eta are gehiago, doinua tonu baxuagoetara jaitsi genuen. Gure taldeko etapa ilunen eta gogorrenaren erdian geunden.
Zazpi urte luze behar izan zenituzten lan berria kaleratzeko. Etenaldi moduko baten ondorioa izan zen?
Kontra argitaratu ondoren, aurreko urteetako egoera berdinari egin behar izan genion aurre berriro, baina oraingoan Metak zigiluak itxi behar izan zituen ateak. Gainera, garai hartan, disko beltzaren biraren ondoren, taldekideok guraso bihurtu ginen, eta horrek atseden hartzera eta erritmoa jaistera eraman gintuen denbora batez.
Hiru urte igaro ziren taldearen etorkizuna berriro aztertzea erabaki genuen arte, eta berriro konposatzeari ekin genion. Prozesu horretatik sortu zen Ez gara inoiz hilko diskoa, bigarren aukeren aldarrikapena eta iraganeko akatsetatik ikasteko ahalegina. Garai hori heldutasun sortzaile handiagokoa izan zen, landutako riffekin eta gogortasun orekatuagoarekin. Guretzat, hasiera berri bat izan zen, baina aldi berean harrapatuta sentitzen ginen.
Nabarmendu nahi genuke, disko baten eta bestearen artean zazpi urte geldirik egon ginela ematen duen arren, Eraso! soilik hamar hilabetez egon zen geldirik. Gainerako denboran ez genion kontzertuak jotzeari utzi.
Bonberenea Ekintzak zigiluaren babespean plazaratu zenituzten hurrengo bi diskoak: Ez gara inoiz hilko (2012) eta Kaiolatik ihes (2016). Heldutasun maila erakusten duten bi lan dira, akaso beste batzuek baino berotasun gutxiago jaso zuten. Harro zaudete aipaturiko bi diskoekin?
Metak diskoetxearen itxieraren ondoren eta taldeak erritmoa moteldu zuen aldi baten ostean, berriro estudioko lanari ekitea erabaki genuen, argi izan gabe autoekoiztua izango zen edo diskoetxe baten babespean. Hausnarketa eta konponketarako garai bat izan zen. Grabazioa amaitu genuenean, esan genuen disko hau taldearen etapa berri baterako trantsizio bat zela. Ez gara inoiz hilko guretzat disko gogorra izan zen, grabazioa bukatu eta berehala, Anderrek taldea utzi baitzuen Barricada taldearekin aritzeko. Blokeo egoeratik ateratzen hasiak ginenean, bat-batean etetea bezalakoa izan zen.
Zorionez, Ibai gertu zegoen eta berehala batu zen Ez gara inoiz hilko diskoaren biran laguntzeko. Bira horretarako, Sergiok soilik abestea erabaki genuen, abeslari eta gitarra jotzaile izatearen zama arintzeko. Hala ere, denborak erakutsi digu gitarrara lotuta egon behar duela, eta azkenean, bere forma naturalera itzuli zen.
Ibairekin aire fresko bat eta itxaropen izpi bat iritsi ziren, gure indarrak berrituz. Bultzada berri honek Kaiolatik ihes konposatzera eraman gintuen. Disko honek talde gisa berriro konektatzeko une hori islatzen du, zailtasunetatik suspertzea eta etapa hartatik indartuta ateratzea, pixka bat geldirik sentitzen ginen garaia. Ibaik gurekin konposatu zuen lehen abestia Ezinak ekinez eginak izan zen, prozesu horren zati bat agerian uzten duen abestia.
Disko hau egiteko, Bonberenearekin harremanetan jarri ginen, beti guretzat babesleku izan den eta beti etxean bezala sentitu garen toki horietako bat baita.
Inoren lurretan lan laburrarekin agertu zineten 2018an, argitaratu duzuen abesti bortitzenarekin. Agurraren aurrekari gisa hartu beharko da…
Kaiolatik ihes diskoak berriro ere indarra eman zigun aurrera egiteko, eta laster hasi ginen Inoren lurretan osatzen. Disko honetan, orain arte egin dugun lan profesionalena egiten hasi ginen, disko oso berezia da taldearentzat, eta agian azkena izan zitekeen. Bi urte inguru ibili ginen biran, harik eta konfinamendua iritsi zen arte. Horrela, urte horretarako itxita genituen jaialdiak bertan behera utzi behar izan genituen.
Hainbat gauza aldatu ziren garai hartan, mundu osoan eta, noski, bakoitzaren bairan. Hasieran, taldearen makina berriro martxan jartzea ezinezkoa zela sentitzen genuen, baina ezin genuen utzi guztia horrela amaitzen.
Taldekideei dagokienez, hasieratik hiru zarete mantendu zaretenak (Sergio, Nestor eta Iñigo). Soilik baxu jotzailea da aldatu duzuena, guztira, hiru desberdin izateraino (Amaiur, Ander eta Ibai). Esanguratsua izan da zuen ibilbidea, gutxienez, hirukotearen oinarria mantentzea?
Zehatzagoak izateko, Iñigo taldean sartu aurretik, Jabi izan zen lehen bateria jotzailea, lehen maketa grabatu zuena. Hala ere, bigarren kontzerturako Iñigo gurekin zegoen. Ordutik aurrera, hirurok elkarrekin jarraitu dugu taldea osatzen. Amaiur izan da taldeak izan duen baxu jotzaile natural bakarra, eta gaur egun Donostiako Musika eta Dantza Eskolako kontrabaxu irakaslea da. Bestalde, Ander eta Ibai gitarristak dira beraien beste proiektuetan, baina gurekin aritu direnean, baxu jotzaile gisa garatu dituzte beraien trebetasunak.
Anderrek taldea utzi behar izan zuen, baina, alde egin arren, ez da inoiz taldetik guztiz aldendu. Entsegu gela partekatzen jarraitzen dugu, eta luthier bikaina denez, gure gitarrak eta baxuak egoera ezin hobean mantentzeaz arduratzen da, bai estudioko grabaketetarako bai kontzertuetarako. Bere lanari buruz gehiago jakin nahi duenak, andguitars.com webgunea bisita dezake.
Urte hauetan guztietan bizitakoak ondo gorde dituzue, eta batzuk azken laneko Oroitzapenak abestian jaso dituzue. Oso nostalgikoa geratu zaizue, ezta?
Betidanik nahi izan dugu urte hauetan zehar filmatutako materialari modu berezi batean eskaintzea, eta Oroitzapenak izan da abesti egokia bizipen horiei musika jartzeko.
Aitortu behar dugu negar egin genuela bideoa bukatuta ikusi genuenean. Une horretan, kontziente bihurtzen zara guretzat hain garrantzitsua izan den istorio honen amaiera iristen ari dela. Gomendatzen dugu bideoklipa ikustea, taldearen ia 30 urteko ibilbidea laburbiltzen duelako. Abesti hau ere omenaldi bat da, guk bezala, beren musika sortzen eta jendeari erakusten ahalegindu diren hainbat talderi, baina denboraren poderioz isilean desagertu direnak, atzetik oroitzapen atseginak utziz.
Bitxia da. Erantzunik gabe gogorregia izango da batzuentzat, eta Azken batean lasaiegia. Bi mutur horiek batzeko, lotzeko eta ixteko unea iritsi dela dirudi…
Diskotik diskora formula bera ez errepikatzen ahalegindu gara. Beti zerbait desberdina sortzen saiatu gara, gure sustraiak errespetatuz, gure mugak onartuz eta beti jatorrizkotasuna bilatuz. Hala ere, azken disko honetan ikasitako guztia jarri dugu elkarrekin, melodia ulertzeko modu hobearekin, lagungarria izan daitekeen musika sortzea helburu izanik, guretzat terapeutikoa izan den bezala.
Musika gurekin egoten da bizitzako une garrantzitsuetan. Amestutako tokietara eramaten zaitu, iraganeko garaietara, hunkitu egiten zaitu, eta oilo ipurdia jartzen dizu. Hori da, hain justu, nahi izan duguna abesti eta melodia bakoitzean islatu. Horregatik, disko hau osoagoa da ñabarduretan. Nahiz eta gure oinarrizko soinuak metalarekin bat egin, egitura eta konposizioek rock gotikora gehiago hurbiltzen dira.
Egiari zor, metal gutxien duen diskoa da Azken batean. Rock alternatiboa du oinarri, metal zertzelada gutxi batzuekin, stoner dosiarekin eta melodia malenkoniatsu ugarirekin. Urak baretuta despeditu nahi duzue ala?
Bai, argi dago diskoa entzuten duzunean metal gutxiago duela. Beti saiatu izan gara metalaren eta rockaren artean oreka mantentzen. Disko batzuetan oreka hori alde batera edo bestera gehiago joan ahal izan da, eta oraingoan argiago dago rock ilun eta alternatibo batera hurbildu garela. Hala ere, abestiak osatzen joan ahala, ohartu ginen disko honek energia berezi bat izango zuela.
Azken diskoa izateak eta taldearen egoera emozionalak despedida horretan, diskoaren sortzean eragina izan zuen. Horregatik, disko honek melodia ilunetan eta malenkoniatsuetan, riff sendo eta sinpleetan eta mugarik gabeko sormenaren fokua jartzen du, benetan nahi genuena adierazteko aukera emanez.
Rock gogorra eta metala urtetan jorratu duten talde zein bakarlari askok, normalean, leuntzera jotzen dute. Trantsizio logiko eta naturala dela dirudi. Pop musika edo lasaiagoa jotzen bukatzen du gehiengoak. Zuei ere antzera gertatu zaizuela uste duzue?
Batzuentzat ez ginen nahikoa heavyak edo metaleroak, beste batzuentzat, aldiz, ez ginen hain rockeroak eta alternatiboak. Gazteagoak ginelarik, izugarrizko gogoak genituen oihu eta garrasi egiteko; gure jarrera askoz oldarkorragoa zen. Urteekin, oldarkortasun hori bareago bihurtzen da eta heldutasun eta jakinduria bilakatzen da. Uste dut prozesu nahiko logikoa dela, baina egia da baita ere badaudela talde batzuk, euren ezagutza ekarri zituen formula musikal horretan ezer ere aldatu gabe jarraitzen dutenak edo garai bateko formula hori berriro ere errepikatzeko ahaleginak egiten dituztenak.
Agurrari dagokionez, taula gainetik izatea erabaki duzue. Dagoeneko hainbat kontzertu eman dituzue, eta horietako gehienak intentsitate handikoak. Dena eman nahi duzue?
Argi genuen, banda gisa gure azken abestiak konposatzeaz gain, geure buruari eta, batez ere, gure musika entzuten eta gurekin batera hazi diren guztiei zor geniela agur bira bat. Horregatik, azken bira bat egitea erabaki genuen: berriro elkartzeko eta hiru hamarkada hauetan gure ondoan egoteagatik eskerrak emateko.
Beti izan gara zuzenean jotzen gehien gozatu duen taldea. Urte hauetan guztietan, agertokian jarrera bera mantendu dugu beti, eta ahal genuen guztia eman dugu bai plaza, areto, taberna edo gaztetxe bakoitzean, nahiz eta pertsona bat, ehunka edo milaka lagunen aurrean izan. Ez gara dohain tekniko handiko taldea, baina bai oso emozionala; gure abestiak pasio handiz interpretatzen eta sentitzen dituen banda gara.
Ematen ari garen kontzertuak eta datorren birakoak intentsitate berbera mantentzen dute, baina karga emozional berezi batekin. Guk eta publikoak badakigu, agian, azkeneko aldia izango dela abesti hauek zuzenean entzun ahal izatea. Agur sentsazio horrek nostalgiaz betetako giro bat sortzen du, baina aldi berean, intentsu eta betegarri, non sakonki sentitu daitezkeen bibrazio horiek.
Data bat ere jarri beharko diogu. Azken batean, noiz bukatuko da Eraso!-ren ibilbidea?
Aurretik bi kontzertu oso berezi ditugu. Lehenengoa Euskal Metalheads Fest izango da, ziurrenik gure azken kontzertua jaialdi batean, eta bertan banda oso bereziekin partekatuko dugu agertokia. Urriaren 18an izango da, Bilbon, hainbeste eman diguten hiria eta jendearen aurrean. Baina azkena Tolosako Bonberenean egingo dugun agur ekitaldia izango da, eta hemen aurrerapen gisa emango dizuegu data: 2025eko abenduaren 27a. Egun horretan, 30 urteko ibilbideari behin betiko amaiera emango diogu.
Elkarrizketa hau ezin dugu amaitu Herriko Burdina webgunea burutzen duzuenoi eskerrak eman gabe, euskal musika zale askorentzat lan oso garrantzitsua eta beharrezkoa jorratzeagatik. Mila esker!
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.