Garagardo asko edateak mesede egin dio Donostiako Biersbreaker taldeari. Tabernan elkartu zirenetik, litro asko irentsi dituzte, eta badirudi mozkorraldi onena harrapatu dutela. Horren ondorioa da The Power of the Hammer iraupen luzeko bigarren diskoa. Hasiera batean, folk eta viking metal talde baten parodia zirela pentsa zitekeen. Orain, ordea, serioago jarri dira, bihurri aurpegiarekin. Noski, estiloaren topikoak eta klixeak ez dituzte baztertu.
Duela hamarkada bat zirt edo zart egin behar izan zuten. Garagardogile izatea baztertu eta garagardoari buruzko musika egiten hasi zirela aitortu dute. Hiverland bandan ibilitako Xabik, Unaik eta Josuk berriz ere bat egin zuten Biersbreaker sortzeko. Gargoil Tavern estudio propioan grabaturiko Shout for War estreinako diskoa 2011n aurkeztu zuten. Bikingo bihurri bihurtu eta folk metalaren uretan barneratu ziren. Eskifai dantza gaindituta plazaratu zuten 2015ean Drunken Bards lan laburra. Ordutik aurrera, ekaitz bortitz bati aurre egin behar izan diote. Pentsa, 2018an hasi ziren bigarren diskoa grabatzen eta 2021aren hondarrean kaleratu dute.
Haizea alde dutenik ezin da ziurtatu, baina denbora behar bezala aprobetxatu du boskote berrituak. Aldaketak aldaketa, egungo garagardozale kuadrilla ondorengoa da: Mikel Mikka (ahotsa), Xabi Viky (gitarra eta folk musika tresnak), Gonzalo Nigga (gitarra), Unai (baxua) eta Iosu Bizargorri (bateria). Itsasontzia amarratu eta mailu bikingoa altxa dute folk metal gudu zelai zailean nabarmentzeko. Horretarako, lanabes egokiagoak erabili dituzte. Proposamena folk instrumentuekin aberastu dute, eta lorturiko soinua hobea da.
Amon Amarth, Ensiferum eta Finntroll aipatuz gero, irakurleak ondoriozta dezake diskoan topatuko duena. Garagardo on batekin edo batzuekin entzuteko hamaika pieza ditu, esandakoak topikoa badirudi ere. Gipuzkoarrek oso agerian dituzte eraginak, eta bistakoa gustuko dutena islatu dutela abestietan. Folk kutsuko death metal melodikoaren eskola dagoeneko zaharra estimatzen dute, eta barrika beretik atera direla esan daiteke. Graduazio onekoak dira Jormundgand, Rock'n'Trolls, Raven's Song eta Hail to the Hammer.
Esku bakarrarekin zenbatu daitezke Euskal Herrian egun dauden folk metal bandak. Biersbreaker horietako bat da, gainerakoekin alderatuta hasiberritzat har daitekeena. Bigarren diskoa argitaratu berritan, aurrera begira jarri dira, eta dagoeneko hirugarrena dute buruan. Gainera, aurrez beste batzuek egin bezala, lan berrian euskarari eta euskal legendei tartea egingo diete. Mailuak gora!
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Kynni Skepnunnar
02. Jormundgand
03. Rock’n’Trolls
04. Ravens’ Song
05. The Souls of Fallen
06. My Last Breath
07. The Bitchies of Miklagard
08. Until the End
09. Hail to the Hammer
10. Lazybones
11. Skålananger
Entzun: