Blackhearth - Blackhearth

Ahalegin garrantzitsua egin du Durangoko Blackhearth taldeak lehendabiziko diskoa lau haizetara zabaltzeko. Sormenetik hasi eta promozioraino lan asko inbertitu dute. Metal hedabide askotan azaldu dira eta diskoak kritika onak izan ditu. Ahalegin hori biribiltzeko Sliptrick Records zigiluarekin sinatu, eta urrian lehen lan luzea mundu mailan argitaratuko dute. Asier Larrea eta Alex Hernandez musikarien esfortzuak fruitua eman du. 

Denbora eskaini diote taldearen izen bereko diskoari, eta hori nabari da kantuen egitura zein pasarteetan. Heavy metal klasiko ilun zein progresiboa da zazpi abestiek islatzen dutena. Alain Concepcion abeslaria fitxatu izana esanguratsua da, estilo askotan trebatu delako; hard rock, progresibo zein rock klasikotik funk eta soul musikaraino. Egia esan, erosoago dabil Concepcion soul doinuetan, eta Blackhearth taldeari eginiko ekarpena ona bada ere, batzuetan ahotsa behartzen duela dirudi. 

Atmosfera ilun eta malenkoniatsuen gatibu dira kantu guztiak. Soinuarekin ere hori bilatu dutela pentsa daiteke. Flyin' Away lehen kantutik nabari da bikote sortzaileak landu nahi izan duena. Hernandezen gitarrarekin batera, Julio Veigaren teklatuaren presentzia nabarmentzen da, pixkanaka pasarteak marrazteko. Tarker's Mills luzeagoa da, eta lasaiago abiatzen da diskoaren azalean agertzen den etxera. Riff sendoek bizitzen dute eta lanbroarekin doa erritmoa. Zuzenagoa da Face the Enemy, eta bizkaitarren izaera klasikoa azaleratzen du errepika indartsu batekin. Aldiz, The Truth You've Missed pasarte deigarri ugari dituen pieza progresiboa da.

Diskoaren azken txanpa da interesgarriena. Earls of Darkness da iraupen motzena duena, eta gitarra solo onenaren jabe da. Nolanahi ere, The Magician da ezustekoa. Occult rock zaporea du, atmosfera heavy lausoetan eraiki badute ere. Concepcion abeslariaren une gorena da. Ildo berekoa da, aldakorragoa bada ere, hamaika minutuko Blackhearth abestia. Denetarik du, geruzak bezainbeste. Erritmo aldaketek ezartzen dute norabidea, eta pasarte bakoitzak ñabardura ugari ditu, beste behin ere gitarra eta teklatuaren protagonismoarekin. Bidaia baten parekoa da, diskoak bere osotasunean islatzen duen gisara.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Rock CD Records.

Abesti zerrenda:

01. Flyin' Away
02. Tarker's Mills
03. Face The Enemy
04. The Truth You've Missed
05. Earls Of Darkness
06. The Magician
07. Blackhearth

Hurrengo kontzertuak