Lege Lehorra iraganeko kontua da, eta egun whiskey ona dastatzeko aukera dago, besteak beste. Ondo daki hori Atarrabiako Bourbon Kings taldeak. Ez dira edari horren erregeak, baina gustura dastatu ohi dute. Aipaturiko legearekin lotura du XXX hirugarren diskoak. Duela ehun bat urte alkohol ilegala pasatzen zuten alanbiketik. Tartean, 95 graduko whiskey distilatua. X hizkiak adierazten zuen alkohol sorta bakoitza zenbat aldiz pasatu zuten. Hiru bider pasatzen zutena balio handikoa zen.
Bost izan ziren, eta ez hiru. Bost abesti aurreratu zituzten otsailean lan berria argitaratu aurretik. Beste zazpi ditu sortak, eta askatasun osoarekin iritsi ziren entzuleengana. Lehortetik urrun, nafarrek sormenari jira eta buelta batzuk eman dizkiote nu metal soilera ez mugatzeko. Bourbonarekin busti dute sorta osoa, eta graduazioa aldakorra da. Asko dira lehertzen direnak, hainbat mezu sakonekoak, mezu zuzeneko batzuk eta melodiekin goxatzen direnak ez dira falta.
Callate ya esan orduko, ezin askorik esan. Zuzen eta zehatz, esan bezala. Sin control nahiko fidela da izenburuari, eta aproposa Treze Monos bihurrien parte hartzea. Skindred gustuko duenak estimatuko du reggae metal doinuekin. Eta Puro Fuego? Laneko altxorretako bat. Wiz Khalifa rapeatzailearen Black And Yellow abestiaren doinua hartu dute belarriak gorritzeko. Punk-rock eta melodikoaren eremura hurbildu dira No se por qué errepikatuz, Iker Piedrafitarekin batera. Hain justu, Piedrafitak ekoiztu du lana Oiartzungo Mecca estudioetan.
Y que vas a hacer tu esanez, erantzuna ez da erraza. Diskoko momentu gorena da, ziurrenik. Mezua, hardcore pasartea eta koro gazte iradokitzailea. Dena dela, ondo irakurri beharrekoa Jumpdafuckup abestiaren letra da. Nu metal oroiminari hautsa kendu diote, kanpoko eta etxeko taldeak aipatuta. Lana behar bezala bukatzeko flamenkoari ere lekua egin diote Nos la suda adierazgarriarekin. Endikah abeslari zorrotzaren laguntza ere badu.
Kulturaren lehortea iraganeko kontua izango delakoan, nafarrek legalitateari erreparatu gabe pasa behar dituzte kantuak diskotik taula gainera. Salto bakoitzeko egin dezatela topa.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: El Dromedario Records.
Abesti zerrenda:
01. Cállate Ya
02. Sin Control
03. Puro Fuego (Black And Yellow Cover)
04. Quise Comerme el Mundo
05. No Sé por Qué
06. y Qué Vas a Hacer Tú
07. Sigamos
08. Jumpdafuckup
09. Aprendiendo a Fracasar
10. Solo Gente Especial
11. Cartas Marcadas
12. Nos la Suda