Broken Legacy - Ortzimuga

Atzeruntz goaz, aurrera beharrean. Oñatiko Broken Legacy taldeak arrazoi du, eta horrela dio Ortzimuga lan berriko abesti batean. Sistemaren jukutriaren atzean gizakia dago, mundu honen galeraren erantzule nagusia. Egia esan, hausnarketarako bide ematen du gipuzkoarren diskoak. Aurtengo argitalpen esanguratsuetako bat izango da, zalantzarik gabe.

Helmuga entzulea izanik, aise iritsiko dira gazteen belarrietara. Metalaren eta hardcorearen arteko nahasketak dira belaunaldi berriei interesatzen zaizkienak, besteak beste. Oñatiko seikoteak pauso nabarmena eman du XIX aurreko diskoarekin alderatuta, eta proposamena askoz hobeto findu dute. Soinu zein ekoizpena bezainbeste. Metalcore eta melodeath doinuen tarteko nahasketa interesgarriaren jabe dira. Are gehiago, gurean zein inguruetan estimatua den maila oneko metalcorea euskaraz ere posible dela berretsi dute.

Iraupen laburra, hiru kolaborazio apropos eta hainbat eztanda. Ortzimuga borobila da, hasi eta buka. Zortzi kolpetan hainbat ñabardura topatuko ditugu, ahots urratuaren eta melodikoaren arteko demak, eta melodia oso itsaskorrak. Ezezaguna izan zen lehen aurrerapena, bideoklip batekin askatu zutena. Melodeath kutsu modernoa duen pieza da, erreferente ez horren ezezagunak gogora ekar ditzakeena.

Jarraian datozen kantu guztiek mantentzen dute kalitatea. Dena dela, aipamen berezia merezi dute Hostoak Erori Dira, Drop! taldeko Paulek kolaboratzen duen Askatasun Eza –garesti irtetzen da iritzia ematea!–, Pedro J. Mongek solo batekin aberasten duen Jukutria –soinu paregabearen arduraduna ere bera da–, Amesgaiztoa eta Uckaia bandako Landerrek parte hartzen duen Bakardadea –post-hardcore giro horiek barne–. Tira, ia denak dira, ezta? Ados, ba orduan, entzun!

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Ezezaguna
02. Hostoak Erori Dira
03. Azken Taupadak
04. Askatasun Eza
05. Jukutria
06. Beldurraren Menpe
07. Amesgaiztoa
08. Bakardadea

Hurrengo kontzertuak