Oñatik lotura berezia du metal doinuekin. Erreferente ezagun bat du herriak, baina iraganean geratu da. Gerora agertu diren taldeek ez dute jarraipenik izan, eta gainera, rock zein pop musikara lerratu dira. Beraz, salbuespena da Broken Legacy banda gaztea. 2016an elkartu ziren, eta denbora honetan landu dute XIX lehen diskoa. Gaur egun, seikote gisa ari dira zuzenean aurkezten.
Entsegu lokalean egindako lana iaz aurkeztu zuten Oñati Bizirik 4 bildumari esker. Noiz arte!? eta Letter From the evanescence kantuak izan ziren gipuzkoarren aurkezpen txartela. Metalcore estatubatuarraren zale zirela erakutsi zuten. Gainera, Noiz arte!? abestiaren bideoklipa estreinatu zuten. Estudioko aurreneko diskoan ere jaso dituzte bi abesti horiek beste zazpi berrirekin batera.
Hemeretzi zenbakia erromatarrez ageri da lanaren azal adierazgarrian. Izenburu horrek esanahia berezia du Aitor Atxa abeslari eta letren egilearentzat. Hemeretzi urterekin zendu zen lagunari eskaini dio diskoa eta izenburu bereko kantua. Dena dela, hitz guztiak ez dira horren pertsonalak. Horiek irakurtzeko aukera orain izango dute askok, azkenik, lana formatu fisikoan eskuratu daitekeelako.
Zuzenekoetarako apropos prestaturiko 49Cru sarrerarekin abiatzen da diskoa. Aipaturiko metalcore eta melodeath eraginak berehala azaleratzen dira. Aske jaio eta aske bizitzea aldarrikatzen duen Hiltzeko jaioak kantua adibide egokia da. Elkarrizketa batean aitortu zuten Trivium eta Lamb of God ezagunen zale direla; bai horixe. Horrek ez ditu bereizgarri egingo, baina pozgarria da horrelako doinuak jorratzeko euskara aukeratu izana. Suak bizirik dirau eta Argia iluntasunean maila oneko kantuek agerian uzten dute euskaraz ere posible dela.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. 49Cru
02. Hiltzeko jaioak
03. XIX
04. Oinazea
05. Suak bizirik dirau
06. Amets galduen eresia
07. Argia iluntasunean
08. Letter from the evanescence
09. Noiz arte!?