2025/01/20

Burdina Astintzen 2025: euskal heavyari gorazarre

Hamabost urteren ondoren, Burdina Astintzen jaialdia berreskuratu dugu. Maiatzaren 17an izango da, Donostiako Larratxo Kultur Etxean, eta sarrerak otsailaren 26tik aurrera eskuratu ahal izango dira Donostia Kulturaren webgunean.

Euskal Herriko heavy metala sustatzeko sortu genuen jaialdia, eta hiru aldiz antolatu dugu, 2004an, 2005ean eta 2010ean. Hamabost urte luzeren ondoren, berreskuratzea erabaki dugu, baina laugarren edizioa bestelakoa izango da.

Izaera propioa eta euskalduna aldarrikatzea izango du helburu. Hau da, euskaraz kantaturiko heavy metalari merezi duen garrantzia eta ikusgarritasuna emango diote. Horrela, parte hartuko duten hiru taldeak iragartzeko unea iritsi da.

Asgarth taldeak zuzeneko diskoa plazaratu eta lehen bi diskoak berrargitaratu ditu. Izan ere, 25 urte bete dira Ekaitza abestiari esker zeresana eman zutenetik. Besteak beste, Euskadi Gaztea irrati formulari esker. Jainkoen egoitza lehen lanaren urteurrena ospatu ondoren, Etorkizunaren sustraia bigarren diskoaren txanda da. Lan honek ere 25 urte beteko ditu aurten.

Elbereth banda Omen bosgarren diskoaren aurkezpen kontzertuak ematen ari da. Orain arteko lanik helduena plazaratu dute gipuzkoarrek, eta hasieratik egun arte izan duten eboluzio etengabea islatzen du. Heavy klasikoa jorratzen hasi ziren, eta urtez urte muturrera egin zuten groove metal doinuetan egonkortu arte.

Izan Bai taldea Ixak Arruti musikari usurbildarrarekin abentura berria da. Heavy metal eta hard rock sustraietara itzuli da, urtetan Mendeku Itxua taldeko buru izan ostean. Hurbileko musikari eta lagun onekin osatu du banda, eta urtarrilaren 31n Dena galdu baino lehen estreinako diskoa argitaratuko dute.

Hurrengo kontzertuak