2018/09/07

Burdina Astintzen jaialdia berreskuratu dute

Euskal Herriko taldeak babestea du helburu Burdina Astintzen heavy metal jaialdiak. Azaroaren 24an izango da Bilboko Mytho aretoan, eta euskaraz abesten duten lau talde ariko dira zuzenean: Ankhar, Etorkizun Beltza, Hilotz eta Fetitxe. Azkenik Kartzarot talde bizkaitarrak ez du jotzerik izango.

Benetan pozgarria da Herriko Burdina webguneak sorturiko jaialdiak jarraipena izango duela. Antolatzaileei izena erabiltzeko baimena eman genien, eta horrela, iraganetik berreskuratuko dute. Izan ere, 2004ean antolatu genuen lehendabiziko Burdina Astintzen jaialdia Soraluzeko gaztetxean. Muturreko sei taldek parte hartu zuten: Legen Beltza, Biok, Kondaira, Calb O'Roth, Odd Heathenish eta Sorgerth.

2005ean, berriz, Donostiako Guardetxean egin genuen bigarren jaialdia Azken Garrasia, Darkness By Oath, Suffering Down eta The Howl bandekin.

Azkenik, 2010ean antolatu genuen hirugarren eta azken jaialdia. Berriz ere, Guardetxean izan zen eta kontzertu ahaztezinak eskaini zituzten Legen Beltza eta Rise To Fall taldeek. Ordutik aurrera antolatzen jarraitzea baztertu genuen.

Azaroaren 24an zuzenean ariko diren abesti bana duzue jarraian. Ez galdu aukera eta hurbildu gure taldeak babestera!

Ankhar - Deshumanizazioa

Etorkizun Beltza - Masa kritikoa

Hilotz - Minak Barnean Dirau

Fetitxe - Barkamena

Hurrengo kontzertuak