2023/09/12

Buru Beltz Fest: "Guhaurek antolatu behar izan dugu geure festibala nahi genituen taldeak ikusi ahal izaiteko"

Suhuskuneko Buru Beltz Fest jaialdia seigarrenez egingo dute ostiralean eta larunbatean. Euskal Herriko metalgintzari begira haztea dute helburu, mugarik gabe. Hain zuzen ere, mugarik ez dago Nafarroa Behereko eta Ipar Euskal Herriko metal jaialdi esanguratsuenaz gozatzeko.

Asko dira zuzenean ariko diren bandak. Irailaren 15ean, ostiralean, lau talde ariko dira: Numen, Broken Legacy, Kimule eta Tempt Fate. Aldiz, irailaren 16an, larunbatean, gainerako guztiak: Lampr3a, Ztah, Prophetic Scourge, BKBO, L.D.K.O., Aho Zakil Konekxion, El Quinto Con Tenedor, Zetkin eta Laparretan.

Udako oporraldia pasata, Euskal Herriko heavy metal jaialdien elkarrizketa laburrak berreskuratuko ditugu. Hona hemen, laugarrena, Buru Beltz Fest jaialdiari eskainitakoa. Antolatzaileekin solastu gara.

Noiz sortu zenuten Buru Beltz Fest jaialdia?

Lehen edizioa 2016an iragan zen.

Jaialdiaren atzean ba al dago elkarterik?

Suhuskuneko Herria eta Kultura elkartea aurkitzen ahal da, herriko eta inguruetako kidez osatua.

Eta zenbatek osatzen duzue?

Hamabost bat kide kondatzen ditu Buru Beltz festibalaren antolaketa taldeak. Honi gehitu behar zaizkio hamar bat teknikari eta hogeita hamar bat laguntzaile festibala garaiean.

Zergatik erabaki zenuten jaialdi hau sortzea?

Iparraldeko rock eta metal eszenaren desagerpenaz harritzen ginelako. Guhaurek antolatu behar izan dugu geure festibala nahi genituen taldeak ikusi ahal izaiteko, eta kilometro gehiegi egin behar izan gabe. Beti nahi izan dugu Euskal Herriko metal taldeei eszenatoki espezializatu bat eskaini.

Zein da zuen helburua?

Euskal Herri osoko taldeak ezagutaraztea, eszena bat eskaintzea tokiko talde berri eta zaharrei. Nahi ginuke talde haundi bat etorrarazi ondoko urteetan, bainan kapazitatea igo gabe, festibalak bere kalitatea atxiki dezan.

Jaialdiak orain arte izandako harrera nolakoa izan da?

Urtero etortzen den jendea bada Buru Beltz festibalean, baita jende berria ere bai. Pozik gira festibalaz entzuten ditugun oihartzunetaz. Giroa bereziki aipatzen dela iruditzen zaigu eta guretzat puntu garrantzitsuena da. Espero dugu hala segitzea, maite duguna egin ahal izaiten segitzea.

Epe ertaina eta motzera, zein asmo dituzue?

Gojira, Lamb of God eta Meshuggah etorraraztea Suhuskunera. Eta serioskiago, gure asmoa Buru Beltz Festibalaren antolakuntzan plazerra hartzen segitzea da.

Hurrengo kontzertuak