Childrain - The Silver Ghost

Bidaia astralari hasiera eman diote, munduari begirakoa. Gasteizko Childrain taldeak nazioarterako jauzia egin nahi du The Silver Ghost laugarren diskoarekin. Iñigo eta Iker Bengoa anaien erronkarik handiena da, eta urteetan landuriko proposamena findu dute zinez erakargarri bihurtzeraino. Oinak lurrean jarrita lebitatzea zaila da, baina biak bateratzeko ahalegina egin dute arabarrek.

Proposamena zehazteko norabidea aurkitu dutela dirudi. Matheria aurreko disko teknikoaren eta une batzuetan errepikakorraren aldean, sinpleagoa eta irisgarriagoa da lan berria. Baita eraginkorragoa ere. Gustuko dituzten metal joerak, berriak zein ez hain berriak, zentzuarekin nahasteko modua topatu dute. Groove, metalcore eta melodeath doinuen arteko oreka bat da, azaltzeko ez dena erraza, eta hori seinale ona da. Mikel Gomez bateriaren erritmo zainduek aberastu dute azken emaitza, eta bederatzi abesti hauekin arnasa hartu dutela azpimarratu behar da. Era berean, Iñigo abeslariak ahots erregistro zabalagoa jorratu du, arriskatuz, eta taula gaineko lanak zailtzeko asmoarekin. 

Sormenetik zuzenekoetaraino doa erronka, alegia. Iker gitarra jotzailea eta konposatzaileak ondo baino hobeto bete du bere lana. Soinua eta ekoizpena ere bere ardura da, eta oso agerikoa da ordu asko sartu dituela horrelako disko interesgarri bat lortzeko. Wake the Ghost abestiak abiatzen duen aipaturiko bidaia astrala emozioz beterikoa da. Hemen hasten da gasteiztarrek irudikatu duten unibertso berria. Saviors of the Earth eta The Valley of Hope diskoaren lehen zatiko hiruko paregabea osatzen dute. Bereziki, hirugarren kantua da erakusgarriena. Hardcore melodikoaren erritmo eta baxuarekin hasten dena melodia epiko bezain gozoarekin uztartzen da. Bestalde, nabarmentzekoak dira Saturnia lausoagoa, The Silver Walker ibiltaria eta Interstellar grabitazionala. Lanari bukaera emateko aproposa da Omega, asko estimatzen dituzten lapurtarren ildokoa. 

Europako atea zabaldu dute kontzertu bira batekin, eta orain etxeko lanetan dabiltza. Dimetal Fest jaialdian taldeburuen pare kokatu zituzten, eta bai, maila onean aritu ziren. Irauteko gakoa topatzeak asko lagunduko die.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Graviton Music Services.

Abesti zerrenda:

01. Wake the Ghost
02. Saviors of the Earth
03. The Valley of Hope
04. Saturnia
05. The Silver Walker
06. Interstellar
07. Eon
08. Ten Thousand Moons
09. Omega

Hurrengo kontzertuak