Bi hamarkada bete dituzte Conflict Noise bizkaitarrek. Death metala euskaraz abesten urte gehien daraman taldea da, alajaina. Agur eta Ohore laugarren diskoak bat egin du urteurrenarekin, eta muturreko doinuekin ospatu nahi izan dute. Hamaika metraileta ditu lanak, eta gitarren pasarte zein soloak dira arnasguneak. Euskal Herriko historian izandako gerren inguruko kontakizunak inoiz baino gordinago kontatu dituzte.
Deabru bat ageri da Zorrotzakoek 2001ean plazaratu zuten maketaren azalean. Bilboko Likiniano Gatazka gunean erraz topa zitekeen, eta metal doinuen bila joaten zirenei gomendatzen zieten. Uhinak lehen diskoa, berriz, 2004an argitaratu zuten Oihuka diskoetxearekin. Garai hartan metal doinuak argitaletxe orokorren katalogoetan zeuden. Bi urte beranduago aurkeztu zuten Arima Galduak bigarrena, eta aurreratu behar da azken lanarekin lotura bat duela. Eta Hondamendi Nuklearra hirugarren diskoa duela zazpi urte kaleratu zuten.
Bizitzak ezartzen duen erritmoak ez du boskotearen emaria eten. Oldarraldiak konposatzen jarraitu dute gotorlekuan, eta nahikoa munizio pilatuta jaurtitzea erabaki dute. Hori da bide bakarra. Euskarazko death metalaren diskografia ez da oso luzea, eta beraz, komeni da bizkaitarrek egurrean jarraitzea. Horregatik, ongi etorriak dira lan berriko pieza latzak, eta Alvaroren infernuko ahots sendoa.
Minutu inguruko sarrerak gure arbasoetara garamatza, lehen eztanda iristen den arte: Hilotzen itsasoa. Gitarren riffek abiatzen dute sarraskia, eta ez dago atzera bueltarik. Bizkaiko bandak betidanik uztartu izan ditu death metal lehorra eta melodeath klasikoa. Kardenala eta Gerra negozio bat da esanguratsua eragin horien artean kokatzen dira. Heriotza intxortetan abestia da bideoklip eran aurkeztu zutena, eta baliteke diskoko adierazgarriena izatea, Guardia Beltza amorratuarekin batera. Adi baionetak! Bestalde, Arima Galduak birgrabatzea erabaki dute, ziurrenik euren ibilbideko kantu onena. “Ez dugu barkatzen, zauriak oraindik irekita daude. Irekiak!”.
Gustura geratu dira, eta death metal zuzenaren zaleek geure historia pixka bat ikasiko dute. Beste hamarkada bat, gutxienez, irauteko bolbora dute.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Hilotzen itsasoa
02. Kardenala
03. Gerra negozio bat da
04. Burdinezko gerrikoa
05. Heriotza intxortetan
06. Agerian
07. Guardia beltza
08. Koldarrak
09. Setio
10. Amerika 66
11. Arima galdua