2016an sortu zuten Damned Ritual aurrez Allowance, Dead Means Nothing eta Silvers Under Nails talde nafarretan aritutako musikariek eta urtebete beranduago, pasa den irailean, plazaratu zuten Roots of Evil estreinako lana. Taldea osatzen duten musikariak ez dira, beraz, hasiberriak eta hori nabari da diskoa osatzen duten zazpi abestien lanketa zainduan.
Indarra du soinuak, baina riffak dira bereziki boteretsu. Abiadura bizia oinarri dute kantuek eta horrek adierazten du pasarte konplexuenak osatu eta interpretatzeko laukoteak duen abilezia teknikoa. Bateria eta gitarren erritmo eraso bateratuak gupida gabe kolpatzen ditu entzuleen belarriak, makineria zapaltzailea bailitzan. Dena den, nabarmentzekoa da erritmo basati baina aldakorrak direla, dinamismoaren alde egin dute, bateria lanaren meritu bereziki. Oro har, nabari da nafarrek suediar eskolako melodeath emaria maite dutela, baina, aldiz, euren proposamena death metalaren esparru muturrekoenera bideratzearen aldeko apustua egin dute. Zentzu honetan, bistakoa da The Black Dahlia Murder taldearen eragina Times of Wrath edota diskoa ixten duen Breathing the Fear kantuetan.
Riff eta erritmo astunen kontrapuntuak aberasteko, kantak borobildu eta errepika gogoangarriagoak osatzea falta zaio akaso laukoteari, baita letrak gehiago lantzea ere, mezua ingelesez argiagoa izan dadin. Hori salbu, kaleratu duten lehen proposamenak baditu muturreko metal zaleen gozamenerako osagai anitz. Basakeria zuzenekoetan erakutsi eta lau haizetara hedatzea falta zaie orain, Euskal Herrian bada halako soinuen aldeko zale andana eta ekinaren ekinez lortuko dute euren onarpena.
Mikel Yarza
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Intro
02. Witness Me
03. Next Level of Hate
04. Scum
05. Times of Wrath
06. Made
07. Men of the North
08. Breathin the Fear
Entzun: