2023/09/04

Datozen argitalpenei begiratua

Iraila iristearekin batera, datozen hilabeteetan argitaratuko diren lanei begira jartzeko unea da. Herriko Burdinaren datuen arabera, aurten 43 lan plazaratu dira orain arte. Horien informazioa 2023ko argitalpenen atalean topatuko duzue.

Aldiz, kaleratuko diren beste hainbat lanen informazioa ere topa dezakezue gure atarian. Zehazki, etengabe eguneratzen dugun Argitalpenen Agenda atalean. Bederatzi erreferentzia ditugu zerrendatuta azalekin eta batzuen abesti zerrendekin.

Datozen lanak, ordea, gehiago dira, eta horiek aipatuko ditugu jarraian.

Xehetasunen bat iragarri duten taldeen artean ondorengoak daude. Gasteizko Herra bandak Zazpi iraupen luzeko lehen diskoa plazaratuko du urtea bukatu baino lehen. Bizkaiko Kruddö bikoteak Nintzen izenburua jarri dio lan berriari. Nafarroako Bide Bakarra taldeak Hiru marra diskoa argitaratuko du, lehen aldiz euskara hutsean abesturikoa. Baionako Saddict bandak ReVolt bigarren diskoa kaleratuko du urriaren 14an. Bizkaiko Song Of Anhubis taldeak Ravaged Rage lan berria aurkeztuko du.

Diskoetxe edo zigilu baten babesa izango duten argitalpenak ere badira. Atzerapenak atzerapen, Rock Izar Records zigiluak Bergarako Lord Witch taldearen El Despertar eta Irungo Ankerra bandaren estreinakoa kaleratuko ditu. Gasteizko Nulled eta Durangoko Orion Child taldeek Art Gates Records diskoetxearen bidez plazaratuko dituzte euren lan berriak. Bilboko Auritz bandak Su Beltzaren Egunsentia argitaratuko du Maldito Records diskoetxearekin, eta Bizkaiko The Wizards taldeak High Roller Records zigiluaren babesa izango du berriz ere lan berria hedatzeko.

Dena dela, lan berri bat laster eskuartean izango duten eta estudioko lanetan dabiltzan bandak gehiago dira: Shallow Waters, Ajariguan, HellMugan, Anker, Numen, SOA, Oxida, Lee Kore, The Kraven, Txatar, Lubaki, Kernhell, Indrid, The Blackening eta Bloody Brotherhood, besteak beste.

Hurrengo kontzertuak