Diabulus in Musica - Euphonic Entropy

Sekreturik onena irautea da, eta familia zaintzea. Hamarkada bat bete da Iruñerriko Diabulus in Musica banda munduratu zenetik. Estreinako diskotik nazioarteko diskoetxeen babesa izan dute, eta maila horretan mantendu dira metal zigilu garrantzitsuenetako batekin. Euphonic Entropy bosgarren diskoak merezi duten sostengu hori berresten du, eta lasai asko esan daiteke euren ibilbideko lan interesgarriena dela. Urtetan jorratu duten metal sinfonikoari izaera berri bat eman diote.

Zuberoa Aznarez eta Gorka Elso senar-emazte musikariak dira talde nafarraren gidariak, eta abian jarri zutenetik etxearen goxotasunean zaindu dute. Sormena eta bizitza bateragarri izatea lortu dute, normalean baino denbora gehiago behar izan badute ere. Oraingoan lau urte hartu dituzte euren oraina eta etorkizun hurbila indartzeko. Hamabi kantuko errepertorioa osatzeko Alexey Kolygin gitarra jotzailea eta David Karrika bateria izan dituzte alboan. Jacob Hansen ekoizlea ere dagoeneko kidetzat har daiteke azken emaitzari ematen dion ukitu profesionalarengatik.

Otoi aurrerapen kantuaren harira, Aznarez abeslariarekin hitz egin zuten Euskadi Irratian. Azaldu zuenez, diskoetxeak bi abesti gaztelaniaz konposatzeko proposamena egin zien, eta beraiek horietako bat euskara hutsean izatea erabaki zuten. Hain zuzen ere, euskarari eta euskal sustraiei eskaini diote. Beraiena ere baden hizkuntza eta nortasuna munduan erakutsi nahi izan dute. Dena dela, euskara bigarren diskotik izan dute presente, eta Itzalen Sua disko-liburuaren soinu banda ere euskara hutsean egin zuten.

Diskoa ez da pieza bakarrera mugatzen, eta esan bezala, lan adierazgarriena konposatu dute. Beraiek aitortu dute ibilbideko astunena dela, metal kutsu gehiena duena, eta baliteke horrela izatea. Metal sinfonikoaren aldarte melodiko zein gordinak oinarri hartuta, askotarikoa da emaitza. Orkestrazio eta koroen garrantzia dute abiapuntu eta ildo horrekin barneratzen dituzte beste pasarteak. Race to Equilibrium, Nuevo Rumbo, On the Edge eta Our Last Gloomy Dance dira horren erakusle. Bestelakoen artean dago The Misfit's Swing harribitxia, izenburuak dioen moduan swing doinuen eremura eraman dutelako proposamen sinfonikoa.

Laukote gisa plazaratu dute lan berria, eta pentsa daiteke zuzenekoetarako banda indartuko dutela. Kontzertuak, berriz, nazioartean emango dituztela adierazi dute. Ondo legoke gurean ere jotzeko aukerak izatea, kanpoko zaleen eskubide bera dutelako bertakoek euren emanaldiekin gozatzeko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Napalm Records.

Abesti zerrenda:

01. A Lucid Chaos
02. Race to Equilibrium
03. Nuevo Rumbo
04. The Misfit's Swing
05. In Quest of Sense
06. Otoi
07. Blurred Dreams
08. On the Edge
09. Our Last Gloomy Dance
10. One Step Higher
11. Blind Muse
12. In the Vortex

Hurrengo kontzertuak