Didar - Maketa

Metalaren muturreko soinuak ez dira arrotz Bizkaiko kostaldearentzat, hainbat dira bertako herrietan sortu eta loraturiko bandak eta horien artean da Didar seiko lekeitiarra ere. Taldearen izen bereko estreinako maketa kaleratu zuten pasa den urteko urrian eta ordutik zuzeneko seinalatuetan aurkeztu dute, tartean Durangoko Azokako Ahotsenean.

Bost abestiz osaturiko lan laburrean, thrash metala death klasikoarekin konbinatzen dute bizkaitarrek, une zehatzetan suediar eskolari keinuak eginez, baina, batez ere, soinu modernoagoekin loturiko metalcore emariari protagonismo berezia emanez. Konposizio konplexuetatik urrun, zuzena da euren proposamena eta, hainbat riffek metalean hamaika aldiz entzundako progresioak gogora ekar diezazkiguten arren, modu eraginkorrean uztartu dituzte melodia oinarri duten pasarteekin. Honen erakusle da Mendeku kantaren errepika fresko eta gogoangarria, taldearen nortasun propioa indartzeko balio dezake eta, zentzu horretan, interesgarria litzateke seikoak bi abeslarien dinamikari zuku guztia aterako balio halako pasarteei tarte zabalagoa eskaintzearen bitartez.

Nabari da honakoa lekeitiarraren lehen ekarpena dela, baina asmo ona suma dezakegu kantuetan, eta ideia interesgarriak landuz gero, haziek loratzen jarrai dezakete. Pobrezia, errefuxiatuak, boterea… abestietako hitzak jorratzerako orduan agerikoa da gizarte gaiekiko duten sentsibilitatea. Alor musikalari dagokionez, oholtza gainean jarduteak lagunduko die exekuzioa fintzen eta sormena aberasten, etorkizunera begira taldea sendotu eta proposamen orekatuagoa osatzeko.

Mikel Yarza


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Pobrezia
03. Mendeku
04. Errefuxiatuak
05. Entzun
06. Izerdi Hotzak

Hurrengo kontzertuak