2021/06/09

Dimetal Fest jaialdia bertan behera utzi dute

Bizkaiko VI. Dimetal Fest jaialdia bertan behera utzi dute antolatzaileek. Iaz, urtebete atzeratu zuten kartel osoa mantenduta. Aurten, ordea, ez egitea erabaki dute. Arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, COVID-19ak eragindako osasun krisia, eta, bestetik, bideragarritasun falta. Dimetaleroak kultur elkarteak ohar bat plazaratu du azalpenak emateko:

"Datorren irailaren 24 eta 25ean Dimetaleroak Kultur Elkarte elkarteak DIMETAL FESTaren seigarren emanaldia ospatu behar zuen – 2020an atzeratu zen kartel berari eutsita –. Ordea pena handiz bada ere, esan beharra daukagu ezin izango dela burutu. Pandemiak hor jarraitzen du eta azken urte eta erdian guztiok pairatu izan ditugun murrizketak arindu edo txertaketa-erritmoa hobetzen bada ere, ez da posible jaialdi hau burutzea. Izan ere, ekitaldi hau beti bezala egiten ez bada ez du merezi aurrera egiterik; ezarri behar diren edukiera eta kontrol-neurria ahalik eta gutxien murriztuta ere, kontu ekonomikoak ez datoz bat gure helburu eta beharrizanekin, beraz, gure buruaz beste egitea ez da aurreikuspenetan sartzen.

Hau ez da agur bat, ezta gutxiagorik ere, baizik eta “gero arte” bat. DIMETAL FEST hibernazioan, neguko loan sartuko da, baina itzuliko ere egingo da, horretaz ziur egon. Covid aurreko normaltasuna gure bizitzetara itzuli eta seigarren edizio bat prestatzeko osagai guztiak ematen direnean, jaialdi honen izenak berak eskatzen duen mailan, zuei guztiei esker lortu duena, orduan behar bezala prestatuko dugu. Bestetik, argi utzi nahi dugu, erositako abonuen zenbatekoa osorik eta zuzenean itzuliko dela, bezeroek sarrerak erositako ordainketa-pasabidearen bidez edo gune laguntzaileetan, garai honetan hain gaizki pasatzen ari diren horietan, erabilera zaharrari jarraituz erostea erabaki zenutenentzat.

Bertan behera geratu den edizio honetarako programatutako taldeei bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu, eman dizkiguzuen erraztasunengatik. Lehenik eta behin, urtebete luze itxaron behar izan duzue kartelean mantentzeko eta orain nahi ez genuena jakinarazi dizuegunean; behin betiko etenaldia, beste proposamen bat eraikitzeko zirriborro bat eta kontu berri bat, ageriko datarik gabe. Horixe ba, esan dugu, egoera hau ez dago gure esku, baizik munduak "mamorro" hau akabatu eta gure bizimodua itzuliko duenaren mende baizik, non maskarak irribarrea ezkutatzen ez duen eta senak ez digun lagunekiko distantziak mantentzera bultzatzen, besarkada ziztrin bat emateko bada ere.

Itxaropentsu gaude, egun hori laster iritsiko delakoan eta Dimetal Fest, hartzak bezala, hibernazioko lo luzetik esnatuko dela, inoiz baino gogo biziagoz. Bien bitartean, Dimetaleroak Kultur Elkarteak - irabazi-asmorik gabeko elkarteak- , guzti honekin bada ere, lanean jarraituko du jarduerak eta ekitaldiak eskaintzeko moduak bilatzen, betiere jaio zeneko balioen arabera: Euskara, euskal kultura, feminismoa eta metala, errespetua eta aniztasuna bandera dituela. Izan ere, DIMETAL bere ume oparoa bada ere, ez da bakarra, eta beste kumeak ere, urtean zehar antolatzen diren ekitaldi txiki horiek, mimatzen jarraitu behar da. Ordura arte, asko zaindu, maite zaituztegu!"

Hurrengo kontzertuak