2020ko irailaren 25 eta 26an izango da seigarren Dimetal Fest jaialdia, Bizkaiko Dima herrian. Berrikuntza batzuk izango ditu; ostiraleko eguna indartuko dute eta musika lehiaketa bat egingo dute Koba agertokian.
Dimetaleroak kultur elkarteak erronkari eustea erabaki du, aurtengo jaialdiaren balorazioa egitearekin batera. "Akatsetaz jabetu gara, badakigulako egon badaudela, baina ondo egindakoetaz ere. Jaialdia formatu honetara eramatea erabaki ona izan zela uste dugu, beraz gure balorazioa positiboa da, eta aurrera jarraituko dugu ildo berean".
Seigarren jaialdiak "orain arteko izarea berezia" mantenduko duela azpimarratu dute: "autogestioa, irabazi asmorik gabekoa, parekidea, euskal kultura eta oraindik indar nahikoa lortu ez duten talde horiei guztiei babesa". Horrela, hasi dira datorren urteko jaialdia prestatzen, eta bandekin harremanetan jartzen.
Musika lehiaketa
Jaialdiaren egun berdinetan, irailaren 25 eta 26an, musika lehiaketa bat egingo dute Koba agertokian. Oinarrien berri laster emango badute ere, sistema nolakoa izango den aurreratu dute. Adituez osaturiko epaimahai batek aurkezturiko banden artetik 10-12 hautatuko dituzte. Ondoren, ikusleek erabakiko dute botoen bidez finalerdietara zeintzuk pasatzen diren, eta baita irabazlea ere. ‘’Ez dugu agertoki hau kendu nahi, bertan jaio zelako jaialdia. Baina toki honek duen espazio mugatuak ez die ez taldeei, ezta jarraitzaileei mesederik egiten", adierazi dute. Dena dela, Koban izango da lehiaketa.
Azken urtetan egitarauan sartu dituzten bestelako jarduerei jarraipena emango diete. Hala nola, herri kirolak, metal bertsoak, haurrentzako jarduerak, metal olinpiadak eta bazkari herrikoia. "Horiek dira gure benetako izaera erakusten dutenak, eta besteekin alderatuta desberdintzen gaituzten jarduerak".
Beste agertokiei dagokienez, oraindik jaialdiko planoa eta espazioak nola berrantolatu aztertzen ari dira. "Argi daukagu berriz ere karpa erraldoiak jarriko direla, eta hauen erabilera bikoiztu egingo dela". Izan ere, ostiraleko eguna indartuko dute, "bi egunetan egiten den taldeen banaketa egokiagoa izan dadin". Azpiegitura probestea erabaki dute.