2023/09/26

Dimetal Fest: "Tamaina txikiko jaialdi batekin gauza handiak egin daitezke"

Bizkaiko Dima herria mapan kokatu zuen Dimetal Fest jaialdiak. Pandemiak, ordea, nabarmen kaltetu zuen haren hazkundea. 2020ko VI. edizio esanguratsua 2021era atzeratu, eta, azkenik, bertan behera utzi behar izan zuten osasun arrazoiengatik.

Aldiz, aurten VII. edizioa aurrera eramateko bi eguneko jaialdia berreskuratuko dute ostiralean (irailak 29) eta larunbatean (irailak 30). Euskal Herriko metal eta rock taldeak izango dira protagonista. Ostiralean, Pi.L.T., Asgarth, Bullets Of Misery eta Penny Fleck ariko dira zuzenean. Larunbatean, berriz, Cobra, Kristonak, Numen, We Exist Even Dead, Rodeo eta Calathea banden txanda izango da.

Euskal Herriko metal jaialdiei buruzko seigarren elkarrizketa laburrerako, Dimetaleroak kultur elkarteko kide Ibon Ordoñezekin aritu gara berbetan.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Dimetal Fest jaialdia?

2015ean sortu genuen Dimako metalzale zoro gutxi batzuk gure herrian musika estilo hau bultzatzeko jaialdi bat egiteko asmoarekin. Halere, inoiz ez genuen pentsatu egun duen tamaina hartuko zuenik.

Jaialdiaren atzean Dimetaleroak kultur elkartea dago. Noiz sortu zenuten, eta egun zenbat pertsonak osatzen duzue?

Elkartea jaialdiarekin batera sortu genuen. Hasieran jaialdia zen antolatzen genuen jarduera nagusia, baina gaur egun kontzertuak egiten ditugu hilero Dimako Abaroa aretoan. Era berean, herriko beste jarduera batzuetan parte hartzen dugu; azokak, jaiak eta abar.

Pertsona kopuruari dagokionez, beste hainbat elkarteri gertatu moduan, pandemia madarikatuaren ondorioz gutxiago gara orain. Horrela ere, gaudenok dena emango dugu aurrera jarraitzeko. Gainera, elkarteak ez dio inori aterik ixten, eta edozein pertsona aurkeztu ahal da elkarteko kide izateko.

Zein da sustatzen duzuen jaialdiaren helburua?

Herria eta euskal musika bultzatzea da gure asmoa. Batez ere, metal doinuak, baina beste musika motak albo batera utzi gabe. Horrez gain, jaialdia geure kabuz antolaturikoa izanik, gure beste helburuetako bat da beste jaialdi eredu bat posible dela erakustea. Hau da, ez dela beti 50 eurotik gorako sarrera bat ordaindu behar kalitatezko jaialdi batera joateko. Tamaina txikiko jaialdi batekin gauza handiak egin daitezke.

Orain arte zenbat aldiz antolatu duzue jaialdia?

Aurtengoa zazpigarrena izango da, pandemia osteko lehen Dimetal Fest handia. Iazkoa egun bakarrekoa izan zen eta lau taldek parte hartu zuten: Soziedad Alkoholika, Leize, Elbereth eta Herra. Denbora faltagatik ez genuen beste jarduerarik antolatu, soilik kontzertuak. Ordea, Dimetal Fest ez da zuzenekoetara mugatzen. Hortaz, aurten dugun indar guztiarekin bueltatuko gara zazpigarren jaialdia ahalik eta onena izan dadin.

Nolakoa izan da jaialdiak sortu zenetik egun arte izan duen ibilbidea eta harrera?

Lehen urtean, edozein jaialdi hasiberrien antzera, jende askorik ez zen etorri. Aldiz, hirugarren edizioan Su Ta Gar izan zen kartelburua, eta eurei esker jende gehiago erakarri genuen. Laugarren edizioan izan genuen aldaketa handiena. Egun bakarrean bost edo sei talderen kontzertuak izatetik, bi egunetara pasa ginen 30 talderen parte hartzearekin. Hau da jendeari gehien gustatu zitzaion edizioa, eta elkarteko kideak iritzi berekoak gara. Urte hartakoa ia perfektua izan zen. Bosgarren edizioan ere harrera ona izan genuen, baina gure ustez jaialdiaren esentzia galdu genuen pixka bat. Hortaz, aurtengoa bestelakoa izango da.

Hurrengo kontzertuak