Dormanth - Abyss

Sormenaren bidez bizirauteko erritmoa topatu du Dormanth talde bizkaitarrak. Abyss lan laburra iaz plazaratu zuten IX Sins diskoaren osagarria dela esan daiteke. Bost abesti berri eta birgrabaturiko bi ditu, baina ezin esan motz geratu direnik. Oscar del Val musikariak banda lur-azpitik berreskuratu zuenetik death/doom metal doinuak egokitu dituzte gaur egun eskaini nahi dutenera iristeko. 

90eko hamarkada hasieran, death metal suediarrak gazte batzuk asaldatu zituen gurean. Ondorioz, bi talde sortu ziren Bilbo inguruan: Dormanth (1993) eta In Thousand Lakes (1996). Bi horiek aitzindariak izan ziren, baina ez bakarrak. Muturreko doinuen inguruan beste hainbat banda ere sortu ziren (Ominous, Apocalyptic, Burial, Phthisis, Desecrate, Elbereth bizkaitarrak, Epitaphy, From the Cross, Neldoreth, ...). Bidea gutxi batzuk egitea lortu zuten, eta aipaturiko biekin gauza bera gertatu zen, nahiz eta urte mordoxka baten ondoren itzuli diren. Besteak ez. 

Lehen etapak hiru urteko iraupena izan zuen, eta Dormanth taldeak maketa bat, disko bat eta lan elkarbanatu bat argitaratzeko aukera izan zuen. 2015ean biziberritu zuen proiektua Oscarrek bere etxetik, nolabait esatearren. Horrela aurkeztu zuen Voice of the Soul... Under the Tears of Sun itzulera EPa. Baliabide gutxirekin grabaturikoa da, eta ez dio mesederik egiten azken emaitzari. Beste maila batean daude Winter Comes bigarren diskoa eta IX Sins hirugarrena. Soinuaren kalitateak hobera egin du lan batetik bestera, eta baita sormenak ere. Horregatik, aurrerapausoa eman dute Abyss lan laburrarekin. Sormenaren mailan dago ekoizpena, eta taldea egonkortu izanak asko lagundu dio laukoteari. 

Laburra bezain mamitsua da. Oscarrek death metal melodikoa ezagutu zuen garai berean dastatu zuen doom lehorra eta malenkoniatsua. Hori dela eta, hasieratik death eta doom melodikoaren eremuan kokatu ditu kantuak. Batzuetan gordinago, eta beste batzuetan atmosferei garrantzia emanez. Horrelakoak dira azken laneko abestiak ere. Wave eta See of Trees enbor bereko adar desberdinak dira, bata gartsua eta bestea urtsua. Deigarriena, ordea, Silent Room iluna da, ume ahots baten parte hartzeak are makurrago bihurtzen duena. Bost abesti berriez gain, iraganeko soinu gabeziak konpondu dituzte Black Moon eta lehen diskoko Shadow of a Tear birgrabatuta.

Talde bakarrarekin konformatzen ez denez, aurrerantzean ikusi beharko da Oscarrek nola kudeatzen duen Dormanth eta In Thousand Lakes bandetako abeslari izatearena. Zorte on!

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Base Record Production.

Abesti zerrenda:

01. Wave
02. Sea of Trees
03. Silent Room
04. Dark Smile
05. Into the Abyss (Outro)
06. Black Moon (2019)
07. Shadow of a Tear (2019)

Hurrengo kontzertuak