Dravernue - Proyecto D.A.G.D.A

Erregearen magiak bermatzen du Dravernue erresumaren segurtasuna, eta gaizkileen etengabeko erasoei aurre egiteko gai den bakarra da. Oinordekorik ez du eta ordezkoa topatzeko erresumako gazteei emango die aukera. Horien artean bada jaiotzetik elbarria den haur bat, eta begiak harengan ditu jarrita erregeak. Horrela abiatzen da Donostiako Dravernue heavy metal taldeak argitaratu duen Proyecto D.A.G.D.A. disko-liburuaren istorioa.

Raul Gil eta Unai Iglesias musikariek irudimena zein sormena landu dute abentura entretenigarria lortzeraino. Heiko eta Anuhi pertsonaiak dira, hurrenez hurren. Idatzi duten istorioak gogora ekar ditzakete azken urtetan zineman estreinatu diren film distopiko batzuk (The Hunger Games, Divergent, ...). Horrela ere, kontakizun propioa aurkeztu dute, eta baditu bereizgarritasunak. Esanguratsuena da gaztelaniazko bikoizle ezagun hainbaten parte hartzea: Pepe eta Nuria Mediavilla, Jose Posada, Ramon Langa eta Nerea Alonso, besteak beste.

Dravernue bandaren estreinako erronkarekin musikari eta lagunek ere bat egin dute. Esaterako, bitxia da Aitor Gorosabel (Su ta Gar) eta Mikel Bizar (Auritz, Idi Bihotz) gaztelaniaz abesten entzutea. Isra Ramos (Avalanch), Arkaitz Zayas (Hiverland) eta Raquel Reych (Song of Anhubis) abeslariek ere parte hartu dute. Taldeak egindako lan aparte aberasteko baliagarriak izan dira.

Erreparto zabalarekin errepertorio are zabalagoa osatu dute, eta hasieratik bukaeraraino gozatzen da. Huye sarrerarekin hasten da kontakizuna, eta Heikoren ibilerak ezagutuko ditugu hemezortzigarren eta azken atalera bitarte. Bidean pasarte zein abesti ederrak daude, beti ere heavy metal melodikoarekin lagunduta. El Inicio, Las Pruebas, El Aprendizaje, Los Remordimientos, Proyecto D.A.G.D.A. eta La Quimera dira istorioaren atal adierazgarrienak. Ez dute azalpenik merezi istorioaren inguruko spoiler delakorik egon ez dadin.

Zuzenera eramateko erronka polita dute gipuzkoarrek, eta urtarrilaren 3an izango da lehen aukera. Istorioaren parte diren gainditu beharreko proben antzerakoa izango da. Antiguako Doka antzokian izango dira bost kideak. Raul Gil abeslariarekin eta Unai Iglesias gitarrarekin batera, Alex Rodrigues baxua, Ekaitz Acedo bateria eta Eider Bailador piano jotzailea ariko dira. Erresumaren aldeko borroka agertokira eramateko unea da.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Huye
02. El Inicio
03. La Esperanza
04. El Mixtificador
05. Una Gran Oportunidad
06. Las Pruebas
07. El Amuleto Familiar
08. El Aprendizaje
09. Tragedia
10. La Emboscada
11. Los Recuerdos
12. Infiltrados
13. La Realidad
14. Los Remordimientos
15. Alianza Rebelde
16. Proyecto D.A.G.D.A
17. La Quimera
18. Desinencia

Hurrengo kontzertuak