Añorgako Asgarth heavy metal taldeak lehen bi diskoak berrargitaratu, zuzeneko disko bikoitza plazaratu eta Jainkoen egoitza estreinakoaren 25. urteurreneko kontzertua eskainiko du abenduaren 14an, Dabadaban. Sarrera guztiak agortu dituzte. Axi Enbil abeslariarekin hitz egin dugu.
2024. urtea hiru berritasunekin eta kontzertu berezi batekin borobiltzea erabaki duzue?
Bai, horrela da. Agertokietara itzuli eta Zeldatik disko berriaren kontzertu bira hasi genuenetik, denbora gutxi izan dugu aspalditik buruan genuena aurrera eramateko. Maiatzean eman genuen orain arteko azken kontzertua, eta uda lasaiago hartzea erabaki genuen. Une aproposa izan zen lehen bi diskoak berrargitaratzeko asmoari heltzeko, eta zuzeneko disko bikoitzari forma emateko.
2022ko maiatzaren 28an Añorgako zinema zaharrean eman zenuten kontzertua grabatu zenuten. Ordea, bi urte luze behar izan dituzue egun hartakoa zuzeneko disko bikoitz batean jasotzeko. Zer dela eta?
Hasiera batean, grabazioa guretzako egin genuen, oroigarri gisa. Horregatik, gorde egin genuen. Dena dela, lehen aldiz ikuskatu genuenean, konturatu ginen materiala nahiko ona zela. Soinu aldetik harritu egin gintuen emaitzak, eta irudiak ere nahiko txukunak iruditu zitzaizkigun. Orduan, material horrekin zerbait egitea erabaki genuen, eta udan topatu dugu tartea horretarako.
Añorgako kontzertu hura berezia eta ahaztezina izan zen zuentzat?
Berezia bai, gure itzulera izan zelako. Halere, nik ez nuen asko gozatu. Horrenbeste urteren ondoren agertoki baten gainera igotzea ez zen erraza izan, oso urduri nengoelako. Neure burua herdoildua ikusten nuen. Gainera, ez da izan itzulerako kontzertu onena, baina bai berezia, esan moduan. Jende askoren eskaria bete genuen, eta esker ona adierazteko modua izan zen.
Garai guztietako abestiak jo zenituzten, baita disko berriko bat ere. Taldearen ibilbidea ondo islatzen duen errepertorioa da?
Egia esan, abesti zerrenda ondo prestatu genuen. Asgarthen ibilbidean zeresana eman duten kantak eta jendeak eskatzen zituenak jotzea erabaki genuen. Zeldatik bosgarren diskoa oraindik argitaratu gabe zegoen, baina egokia iruditu zitzaigun dagoeneko estreinaturiko singlea ere eskaintzea. Beraz, oso pozik gaude aukeratu genuen errepertorioarekin, asmatu genuelako.
Kontzertuaren soinua ez ezik, irudia ere grabatu zenuten. Ordea, ez duzue DVD gisara kaleratu. Zergatik?
Eztabaidagai izan da gure artean, horrela ere argitaratzea pentsatu genuelako. Material asko dugu, zortzi kamera erabili zituelako Santi Cuartangok. Taldearen jarraitzailea da, eta guk eskatu gabe muntatu zuen dena. Ederrak dira grabaturiko irudiak, baina DVDak gaur egun gehiegi saltzen ez direnez, aukera hori baztertu genuen.
Kaleratzeko asmorik duzue, edo soilik Youtubera igoko dituzue abesti solte moduan?
Hori da asmoa, bai. Dagoeneko zuzeneko abesti baten bideoa sareratu dugu, eta beste batzuk ere ikusgai jarriko ditugu.
25 urte bete ditu Jainkoen egoitza zuen estreinakoak, eta laster beste horrenbeste beteko ditu Etorkizunaren sustraia bigarren diskoak. Biak berrargitaratu dituzue Elkar argitaletxearekin, eta plataforma digitaletan entzungai jarri dituzue. Gustura zaudete emaitzarekin?
Oso gustura. Diseinua txukundu eta egokitu dute, eta, batez ere, soinuaren kalitatea hobetu dute Elkar estudioetan berriz masterizatuta. Pentsa, duela 25 urte grabatu ziren, eta gaur egungo baliabideak erabili dituzte. Bestalde, gogoratu behar da jatorrizko lanak IZ diskoetxeak plazaratu zituela, eta zigilu hura desagertzean Elkarren katalogora pasatu ziren. Ordea, gure oniritzia behar zuten berrargitaratzeko, eta horretarako ados jarri ginen pasa den udan. Jatorrizkoak agortu zirenez, aukera aproposa iruditu zitzaigun. Horrez gain, jende askok eskatzen zigun bi diskoak plataforma digitalera igotzeko, eta bete dugu haien nahia.
Tentaziorik izan duzue lehen bi diskoak birgrabatzeko?
Egia esan, bai. Gainera, Dabadabako kontzerturako abesti zaharrak prestatzen ari gara, eta ez ditugu berdin jotzen. 25 urtetan musikari gisa zeozer ikasi dugu, eta pixka bat hobetu ditugula iruditzen zait. Horrela ere, lehen diskoko abestiak birgrabatzea baztertu genuen. Gure lehen grabazioa izan zen, eta guretzako maketa bat da. Abestiak sinpleak dira, oso natural sorturikoak eta errazak. Musikari hasiberriak ginen eta taldeak urtebeteko ibilbidea bete gabe zuen. Ordea, Euskadi Gaztearen maketa lehiaketarekin eta IZ diskoetxearekin sekulako oihartzuna izan zuen.
Bigarren diskoarekin, berriz, baliteke zerbait egitea. Datorren urtean beteko ditu 25 urte, eta, ziurrenik, kantaren bat edo beste birgrabatuko dugu.
Aipaturiko urteurrenarekin lotuta, larunbatean kontzertu berezia eskainiko duzue Dabadaba aretoan. Lehen diskoa osorik joko duzue, baina ez hori soilik, ezta?
Lehen lanak sei abesti eta sarrera baino ez ditu, beraz, beste diskoetako kantak ere joko ditugu. Gainera, bukaerarako ezusteko batzuk prestatzen ari gara, eta seguru gaude zaleei gustatuko zaizkiela. Festa bat izatea nahi dugu, eta joango diren 300 bat lagun horiek gurekin batera gozatzea. Sarrera guztiak agortu direnez, pena ematen digu jendea kanpoan geratzeak, eta espero dugu zale horiek gu ikusteko aukera berriak izatea epe laburrean.
Ekaitza abestia joko duzue, itzuli zinetenetik eskaini ez duzuena.
Bai, baina ez da orain arte jo ez dugun bakarra. 2007an, uztea erabaki genuenean, jotzen genuen. Ordea, itzuli ginenetik ez dugu berriz ere jo. Tempo aldetik abesti berezia da, eta oso barneratua eduki behar da ondo jotzeko. Aldiz, badira beste abesti batzuk III diskoa argitaratu genuenetik jotzen ez ditugunak: Magia, Amaigabeko lurraldea eta Atxeri. Egia esan, ederra izan da abesti zaharrak berreskuratzea eta egokitzea.
Abesti propioak ez ezik, bertsioak ere joko omen dituzue. Zerbait aurreratzerik?
Gure kontzertuetan bertsioren bat jo izan dugu, baina ez bat baino gehiago. Dabadaban oso gustuko ditudan kanta batzuen moldaketak eskainiko ditugu, eta zaleei niri bezain beste gustatzea espero dut.
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi / Irutxuloko Hitza.
Argazkia: Aritz Larrea (Begipuntuan).