Hamar urte igaro dira jada Bullets of Misery boskote gernikarrak lehen pausoak eman zituenetik. Denbora horretan kide aldaketak izan dira talde barnean, baina hala ere tartea izan dute hiru lan plazaratu eta Euskal Herrian zehar death metalak ere esparru berezitua duela aldarrikatzeko. Euskara izan dute ardatz Linguae Vasconum Primitiae lan berrian, diskoaren eratzeko prozesuaren inguruan hitz egin dugu John Learreta gitarrarekin.
Zein izan da aurreko diskoaren eta berriaren arteko ezberdintasun nagusia?
Gure artean partaide berriak edukitzea izan da aldaketa nagusia. Gitarra eta bateria postuak berritu ditugu, Mikel Alonso gitarra lanetan aritu zen jada aurreko diskoko biran, baina estudioan lehen lana izan du gurekin. Eragin musikal eta pentsatzeko modu ezberdinek adierazpen artistiko ezberdina bihurtu dute emaitza. Estiloari dagokionez, death metalaren bidetik jarraitu arren, modu batean, muturrekoagoa da diskoa. Gainera, urtez urte jotzearen poderioz hobetutakoa ere nabari da, lehen jotzeko gai ez ginen pasarte batzuei tartea egin diegu orain.
Konposizio aldetik ere esan liteke badela aldaketa bat, kanta ez hain zuzenen aldeko apustua akaso. Zein da honen arrazoia?
Gitarra armoniak beti izan ditut oso gustuko eta lehen beti joera nuen armonia horietan oinarrituta pasarte melodikoagoak egiteko. Orain saiatu gara ahots ezberdinetako gitarra lan hori mantentzen, baina, aldi berean, apur bat zuzenagoa egiten. Dena den, abestiak euren artean ezberdinak dira, gorputzak une bakoitzean eskatu digunaren emaitza. Ez diogu musikari mugarik jarri nahi izan.
Azal iezaguzu sormen prozesua modu xeheagoan, talde barneko dinamikari erreparatuta.
Kasu honetan prozesua konplikatua izan da. Aurreko bateria jotzailearekin bi kanta bideratuta genituen, eta, Summum Post Mortem EParen ibilbidea amaitzetik gertu, bateria jotzaile aldaketa izan genuenean jarraitu behar izan genuen kantak egin eta Guitar Pro programan idazten. Arraroa izan zen, normalean riffen ideiak edo zirriborroak lokalera eramaten ditugulako eta bertan jartzen ditugu denok harremanean. Gitarretatik abiatuta konposatu ohi dugu, riff segida bat oinarri hartuta ekiten diogu bideari. Inspirazioa edozein unetan etor daiteke, posible da komunean nagoela ere riff bat bururatzea. Pertsonalki, burura etorritako hori gitarrara pasatzen saiatzen naiz lehenik eta gero Guitar Pro programarekin lan egiten, melodiak eta bigarren ahotsak lantzeko. Gustatzen zait ideiak lokalera argi eta sakonduta eramatea, riff solteak baino.
Entzuten dugun musikak zuzeneko eragina izan dezake sormen prozesuan bertan. Zeintzuk dira disko berria konposatu bitartean gehien erakarri zaituzten taldeak?
Nahiko zabalak izan ohi gara zentzu horretan. Esaterako, baxu jotzaileak gehien atsegin duen taldeen artean dago Red Hot Chili Peppers, baina geuk death metala jorratzen dugu. Kontu bera bateria jotzailearekin, blast beaten oso zalea da, baina gustuko ditu erritmo lasaiagoak ere. Oro har, musika estilo ezberdinak ezagutzeak ikuspegi zabalagoa ematen dizu sortzerako orduan. Konposizioaren une zehatz horretan zer aritu ote garen entzuten? Ba agian ez dago banda seinalaturik, baina denok gara, esaterako, Dying Fetus eta Revocation taldeen oso zale.
Diskoaren izenburua latinez idatzi duzue oraingoan ere. Arrazoi estetikoa, historikoa, artistikoa?
Linguae Vasconum Primitiae euskaraz idatzitako lehen liburuaren izenburua hartu dugu kasu honetan. Ohartu ginen gure diskoetako izenburu denak direla latinez, eta hitzak, aldiz, euskaraz. Paralelismoa ikusi genuen, liburuan ere hala gertatzen delako, eta segida eman genion. Kontzeptu hori abiapuntu hartuta eutsi nahi izan diogu euskal kultura, mitologia eta Kristo aurreko garaiari.
Euskal kultura omendu edo sustatzeko ahalegin bat izan da, beraz?
Bai, baina guretzat honakoa ez da kontu berri bat. We Growl in Basque (euskaraz egiten dugu orro) leloa erabiltzen hasi ginenetik, beti sustatu nahi izan dugun mezua da. Euskaldunak eta euskaltzaleak gara, gustukoa dugu hori jorratzea.
Muturreko metalean euskaraz kantatzeari balio berezia ematen diozue?
Muturreko musikan euskaraz abesteari ez, baizik eta euskaraz abestea berari edozein musikatan. Gure hizkuntza da, nik ez dut ikusten nire burua gaztelaniaz edo ingelesez idazten.
Muturreko metalak harrera beroa izan ohi du Europa iparraldean, euskal banda jakin batzuek ere jorratu dute bertan bidea. Aukerarik ikusten al duzue norabide horretan?
Ikusi beharko da lehenik diskoak zelako harrera duen, pausoz pauso joan nahi dugu. Estreinako kontzertuko erantzuna, geuk ere zer sentitzen dugun… Ez diogu ezeri aterik itxi nahi, baina kontziente gara ez garela honetaz bizi, gure hobby gogokoena izan arren. Gure asmoa da ahal den heinean kontzertuak ematea, presio gabe, denborak esango du zenbateraino egiten dugun aurrera. Aukera sortzen bada Europan zehar aritzeko, ariko gara.
Zer esango zenioke death metala zarata dela dioen musikazaleari?
Aukera bat emateko, entzuteko. Azken batean, horrelako musika entzuten hasi ginenean denontzako zen apur bat gogorra. Entzun eta ikusi dezala, batez ere, zuzeneko batera joan eta bertan musika bizi. Niri hor sortu zitzaidan gogo berezia, taldeek zelan jotzen duten eta zer transmititzen duten ikusterakoan. Eta noski, lasaitasunez har dezala, kanta bakar bat entzun eta nahikoa da esan ordez, patxadaz entzuteko prest egon dadila. Azken batean, zarata dela esateak esan nahi duena da ez duzula musika hori asko entzun. Halakoak pentsatu eta esatea akatsa da nire ustez, disfrutatzeko moduko gauzak daudelako, edozein musika estilotan.
Auryn estudioetan grabatu, nahastu eta masterizatu duzue diskoa, Tristan Iñiguezen eskutik. Nolakoa izan da berarekin lan egitea eta zein modutan eraldatu du diskoaren azken emaitza?
Summum Post Mortem lan laburrean egin bezala, oraingoan ere bateriak Mikel Gomezekin (Childrain, Lampr3a) grabatu genituen, baina Mikelek esan zigun oraingoan ez zegoela grabaketa prozesu osoa bere gain hartzeko moduan eta, horrenbestez, Tristanengana jo genuen. Berarekin baxua grabatzen hasi ginen unetik oso gustura sentitu gara, gitarra jotzailea da bera eta gure lekuan jarri da etengabe. Gauzak nahi bezala irten ez eta urduri jartzen ginen momentuetan, lasaitasuna eman digu, pertsona gisara oso lagungarri izan da zentzu horretan. Ekoizpenari dagokionez, berak ere ekarpena egin du zati zehatzetan. Argi genuen estudioan nahi genuen soinua, Tristanen ideia paretsuak izan ditugu gainera, baina zabalik geunden beste ikuspuntu bat entzuteko ere, taldea eta abestiak kanpotik begiratzen dituenaren begirada freskoa. Abanikoa zabaldu eta sormena beste modu batera ikusteko aukera eman digu.
Formatua ere ezin albo batera utzi. Musika kontsumitzeko plataforma zein ohiturak erabat eraldatu dira azken urteetan, baina musika industrian oraindik ere balio handia du disko luzea plazaratzeak. Zuek aldiz, EPa, lan laburraren aldeko apustua egin duzue, bigarrengoz segidan. Zergatik?
Arrazoi argirik ez dago erabakiaren atzean. Lau abesti berri genituen eta urte eta erdi generaman kontzerturik jo gabe. Pentsatu genuen: orain da momentua, ezin dugu egon beste urtebete ezer plazaratu gabe. Aurreko diskoa ere bost kantukoa izan zen eta errepikatzeko gogoa genuen. Askoz luzeagoa egiteak ere ez dut uste merezi digunik, ez ekonomikoki, ezta denbora aldetik ere. Hurrengo bat badago, ziurrenik bostekoa izango da berriz ere. Nahiago dugu beti aurkezteko zerbait eduki eta geldialdi luzeegirik ez egin.
Taldearen bereizgarri bilaka liteke lan laburrak kaleratzea?
Bada akaso izan daiteke, bai. Baina begira, esaterako, Gatibuk diskoa plazaratuko du laster eta eurena ere laburra izango da. Autoekoizturiko zenbat disko kaleratzen dira egun hamar kanta baino luzeago direnak? Ez gara honetaz bizi, bakoitzak bere lana dauka eta ahal den heinean entseatzen dugu astean zehar. Egunean zortzi ordu entseatuz gero, disko bat baino gehiago egingo genuke urtean.
Hirugarren lana duzue Linguae Vasconum Primitiae. Zein erronka jarri dizkiozue zeuen buruari aro berri honetarako?
Lehen esandakoarekin haritik, pixkanaka ikusiko dugu zer datorren. Azaroaren 24an dugu aurkezpen kontzertua Gernikan, Metal Fabrika egitasmoaren barruan. Helburua da disko honekin ahalik eta gehien jotzea, Euskal Herria mailan aurkeztuko dugu eta Kataluniara zein Espainiara ere ateratzeko asmotan gara. Tartean aukera interesgarririk suertatzen bada eutsiko diogu horri ere, baina ordura arte, pausoz pauso.
Mikel Yarza