2024/09/13

Elbereth: 'Omen' disko berriaren xehetasunak

Legazpiko Elbereth boskoteak urriaren 4an argitaratuko du Omen bosgarren diskoa, Basque Metal Country zigiluaren bitartez. Liburu berezi batekin batera plazaratuko dute.

Gipuzkoarren ibilbideko lanik esanguratsuena eta sentituena da. Batetik, euskal atsotitz edo esaera zahar ezagun bat da oinarria: Izena duen guztia omen da. Bestetik, iazko martxoan zendu ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi lagunak omendu nahi dituzte.

Bederatzi abestiko diskoa Bergarako ESnSE Studios-etan grabatu dute. Azala eta diseinua, berriz, Eneko Maiz diseinatzaile eta taldekide ohiak egin du.

01. Omen
02. Gau ilun batean
03. Sorginak
04. Bidelagun
05. Apostasia
06. Jarraitzaile bila
07. Begi izkutua
08. Izarrak
09. Argia itzali da

Irailaren 20an, Jarraitzale bila lehendabiziko singlea estreinatuko dute plataforma digitaletan.

Herriko Burdinak lana osorik entzuteko aukera izan du, eta dakarrena aurreratu genezake:

Legazpiarren orain arteko borobilena da, kontzeptuari, sormenari eta soinu ekoizpenari dagokienez. Hasi zirenetik gaur egun arte izan duten bilakaeraren emaitza da. Metal klasiko, gordin eta modernoaren eraginak barneratu dituzte, konplexurik gabe.

Horrela, bosgarren urratsa boskotearen lanik helduena, zainduena eta aberatsena da. Groove metala har genezake abiapuntu gisa, baina metalaren askotariko azpigeneroak presente daude abestietan: death metal gordin eta melodikoa, black metala, heavy/thrash metala eta beste.

Letren lanketa ere adierazgarria da. Denek konpartitzen dute ildo moduko bat, gaiak desberdinak izan arren. Esker oneko kanta ugari daude, omenaldi gisakoak direnak. Kritikarako tartea ere ez da falta, garai zaharrak berrituz, eta teknologia berrien zama salatuz. Aipatzekoa da hitzak egiteko lagunak izan dituztela alboan, eta baita herriko bertso eskola ere.

Luxuzko kolaboratzaile baten parte hartzea ere iragarri daiteke. Lortu dute horrenbeste estimatzen duten abeslari baten parte hartzea. Izan ere, Aitor Gorosabel Garaik (Su Ta Gar) kanta bati ahotsa jarri dio. Gainera, oso sendo.

Azken batean, Elbereth taldeak bere ibilbide eredugarria omendu du. Merezi duten diskoa da, eta orain gainerako zale eta metalzaleekin konpartitzeko garaia da.

Hurrengo kontzertuak