Bost urte luze igaro dira aurreko lana plazaratu zutenetik, baina berriz ere bueltan dira metal erasoa indar betez gauzatzeko asmoz. Karma laugarren diskoa Legazpiko Elbereth taldearen ibilbideko anitzena da, metal klasikoa zein muturrekoa uztartu ditu errepika gogoangarrien ezaugarri bereizgarriari fideltasunez eustearekin batera. Alor lirikoan ere kontzeptu sorta zabalari egin diote tartea eta hori guztiaren inguruan gehiago jakiteko, Aritz Legorburu baxujolearekin hitz egin dugu.
Lau disko eta hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dagoeneko bizkar gainean, taldea abiatu zenutenean imajinatzen al zenuten halakorik?
Egia esan, ez. Egia ere bada taldean aldaketak izan direla eta horrek hein handi batean lagundu duela taldeak luzaroan iraun izana.
Abanikoa zabaldu eta inoiz baino estilo gehiago uztartu dituzue azken lan honetan, aniztasuna modu kontzientean bilatu zenuten doinu berriak sortzerakoan?
Beti gustatu izan zaigu disko batean aniztasuna izatea, baino ez nuke esango “kontzienteki” eginiko zerbait denik, abestiak banan-banan lantzen ditugu eta ez gara pentsatzen jartzen zein bide hartu eta zein ez. Entzun eta jo ahala sortzen zaizkigu ideiak eta momentuan erabakitzen dugu hemendik bai ala hemendik ez.
Klasiko zein moderno, death metal elementuak nabarmen ugaritu dira kanta berrietan. Etorkizunean muturreko bidetik jarraitzeko asmoa al duzue?
Kanta berriez hitz egitea momentu honetan oso aurrera begiratzea da. Orain oso pozik gaude Karma diskoarekin eta ateratzen ari zaizkigun kontzertuekin. Abesti berriak lantzeko garaia iristean ikusiko da ea zein bide hartzen duten. Halere, esan genezake, death estiloko ukituak asko erakartzen gaituela.
Pasarte sinfonikoak ere entzun ditzakegu, abesbatza ahots eta biolinak esaterako. Norekin kolaboratu duzue soinu horien grabaketan?
Diskoa grabatu eta nahasteaz arduratu den Axularren bidez bere lagun batekin kontaktatu genuen, gure abestia eta ideia pasa genizkion eta berak konposatu zituen pasarte sinfonikoak. 2009an plazaratu genuen Arimak Pizturik Dirau bigarren lanean benetako soka hirukotea sartu genuen, kasu honetan, ordea, ordenagailuz konposatutako pasarteak dira. Beti gustatu izan zaizkigu horrelako intro eta pasarteak.
Disko berriarekin batera aurkeztu duzue kide berria ere, Xabier Castaño gitarjolea. Zelako ekarpena egin dio taldeari?
Xabi sartu zenerako abestien muina idatzia zegoen, hala ere izan du ekarpenak egiteko parada. Segi Itxoiten abestian, adibidez, sarrerako melodia estudioan bertan sartu zuen eta goitik behera aldatu abestia. Taldeko aldaketak beti dira zailak baina, egia esan, orain arte egin ditugun aldaketa guztiekin pozik gaude, eta Xabi ez da salbuespena.
Soinu aldetik esan liteke orain arteko ekoizpen sendo eta txukunena duzuela, urteetan zehar ikasitakoari esker argiago zenuten oraingoan helburua?
Bai, guk ere ala uste dugu. Ez dago dudarik aurreko diskoen esperientziak bidea leuntzen duela. Esan beharrekoa da ere Karma grabatu aurretik Axularrekin bi abesti grabatu genituela; Azken Bidaia eta P.S., horrek asko lagundu du. Guk bagenekien zer nahi genuen eta Axularrek ere garbi zuen guk zer bilatzen genuen.
Axular Arizmendik diskoa grabatu eta nahasteko ardura izan duen bitartean, masterizaziorako Estanis Elorzaren Donostiako estudiora jo zenuten. Zein modutan eragin dute bi pertsona hauek diskoaren azken emaitzan?
Estanisekin lan egitea Axularren gauza izan zen batez ere, berak masterra beti ateratzen du kanpora eta egia esan oso gustura gaude. Bakoitza berean da trebea eta hori, dudarik gabe, emaitzan nabari da.
Karma izena eman diozue lan berriari, artearen bidez modu askotan landuriko erlijio-kontzeptua. Zein da zuen ekarpena edota gogoeta nagusia?
Diskoko lehen lau abestiak (sarrera + ondorengo hirurak) Espainian izan ziren hiru borreroei buruz dira, hortik beraiengan karma-k izan zuen pisua nabaritu nahi genuen.
Hain zuzen, diskoaren lehen zatia osatzen du hiru torturatzaile espainiarretan oinarrituriko trilogiak. Zerk bultzatu zintuzten istorio hauen inguruan idaztera?
Torturatzaile baino borrero, “garrote vil” delakoaren bidez jendea hiltzea zuten bizimodu. Espainian hil epaia zegoeneko borreroak dira. Telle, Etxeberen kuadrilako lagunak azaldu zigun ideia, bereak dira bi abestietako hitzak. Casimiro Municio borreroaren istorioa irakurtzen zegoela eta abesti baten hitzak egiteko gogoa zuela esan zigun. Guk bat ez ezik hiru egiteko proposatu genion, eskua eskaini eta besoa hartu genion.
Aldous Huxley idazle ingelesaren Brave New World klasikoari ere egin diozue tartea, Segi itxoiten kantuko hitzetan. Zenbaterainoko lotura du zuen ustetan liburuko istorioak egungo munduarekin?
Segi Itxoiteneko hitzak Alain Narbonarenak dira, Vancouver talde legazpiarreko gitarjole eta abeslaria. Bera eskaini zen abesti bateko hitzak egiteko eta liburua aukeratu zuen gai moduan. Asko gustatu zitzaigun, ez gara ez soziologoak ez antropologoak, baina gaur egungo “lehen munduan” guztiz kontrolpean gauzkate lau agintariek. Teknologiaren demokratizazioak izugarrizko abantailak ekarri ditu, baina baita lehen munduko “teknologi demokrata”, denon bizitza gutxi batzuen kontrolpean jartzea ere.
Diseinuak ere biltzen du musikak eta hitzek islaturiko iluntasuna, askotariko sinboloekin gainera. Zenbaterainokoa izan da Beñat Olea ilustratzailearen ekarpena?
Diseinua 100% da Beñatena, guk diskoko nondik norakoak aipatu genizkion, hitzak bidali genizkion eta bera izan da ilustrazioan erabat murgildu dena. Noizbehinka zirriborroak bidaltzen zizkigun eta gure iritzia ematen genion, baina ez genion bide konkretu bat markatu. Lehen aldiz posterra bidali zigunean sekulako sorpresa izan zen talde guztiarentzat, izugarri gustatu zitzaigun. Oso ilustratzaile ona da.
Aurreko lanetan ere izan duzue kantuetan landuriko kontzeptuak irudi sinbolikoen bitartez islatzeko joera, diseinuaren lanketak diskoari esanahi zabalago bat emateko balio al du?
Diseinua diskoa borobiltzeko beharrezkoa dela uste dugu. Oraindik diskoak modu fisikoan erosten ditugun horietakoak gara eta diseinuari asko erreparatzen diogu. Agian izan liteke gure gaztaroan korreoz jasotako katalogoetatik asko erosi dugulako, katalogo haietan arreta disko azaletan besterik ezin zenuen jarri. Ez zegoen egungo streaming zerbitzurik, eta diskoaren kritika motz bat irakurtzeko parada bazenuen asko zen.
Zuzenekoetan etena egin duzue lan berria plazaratu eta berehala, 2018an Elbereth oholtza gainean maiztasun handiagoz ikusteko aukera izango al dugu?
Gure asmoa taula gainean jarraitzea da, diskoak horretarako ateratzen ditugu, zuzenekoak dira gure helburu. Hala ere, beste betebeharrak ere baditugu eta batzuetan bost kideen bizitza pertsonala elkartu eta sekulako bira bat egitea ez da erraza. Oraingoz urte amaiera arte lau kontzertu ditugu eta 2018an ere baditugu gauzak lotuta. Horrekin pozik gaude, baina ez dugu kontzertuekin taldea ito nahi, oraindik beste lau disko atera nahi ditugu eta.
Mikel Yarza