Elizabeltz - Yersinia Pestis

San Joan bezpera da. Bermeoko Elizabeltz laukotearen Yersinia Pestis estreinako diskoaren iruzkina argitaratzeko egun aproposa. Yersinia eta heriotz beltzaren hiru morroiek osatzen dute banda. Abeslariak aurpegia margotua darama, eta gainerako kideek burua estaltzen du. Halere ez dira horren anonimoak, bestelako meza ilunetan ibilitakoak direlako.

2018an sortu zuten OST, Sinnerdolls eta The Hammer Killers taldeetan ibilitako musikariek. Azaleratu orduko, beraien proposamena shock rocka zela adierazi zuten. Ezaugarri guztiak betetzen dituzte musikagintzari eta estetikari dagokionez, eta abestiak hard rock eta heavy metal klasikoaren artekoak dira aipaturiko etiketa ahaztu gabe. Are gehiago, Elizabeltz lehen shock rock banda euskalduna dela esatera ausartuko gara. Bada besterik?

Urteko ezusteko iluna, melodikoa eta erakargarria da Yersinia Pestis diskoa. Azaleratu eta gutxira aurkeztu zituzten kantuak iraganeko kontuak dira. Aurreneko emaitza profesionala iraupen luzeko lana da. Ezer baino lehen komeni da nabarmentzea lortu duten soinu paregabea. 2021eko udan grabatu zuten Getxoko Pan Pot estudioetan Alberto Macias ekoizlearekin. Esan bezala, oso profesionala.

Metal eta rock hedabideek, zein orokorrek, plazaratu dituzten iruzkinetan talde baten eragina beste guztien gainetik jarri dute. Hau da, Ghost suediarrena. Lucifer Bagauda –urteko kantuetako bat gurean–, eta, batez ere, Kornukopi Iraultza (“gizakiaren gaitzik handiena baikara, gu geu gara izurria”, alajaina), Solve et Coagula eta Black Mass piezetan nabari da bien arteko lotura.

Yersinia (Sergio Meaurio) ez da Papa Emeritus IV.a (Tobias Forge), baina taula gainetik transmititzen duen presentzia zinez indartsua da. Musikalki ere ezin dira erabat konparatu, sorkuntza maila parekoa ez delako. Dena dela, bizkaitarren lehen diskoa ederra da, entzunaldia errepikatzera daramana entzulea.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Yersinia Pestis
02. Lucifer Bagauda
03. Kornukopi Iraultza
04. Lasto Txakur
05. Bildotso (Ortuko Otoi)
06. Solve et Coagula
07. Kanpai
08. Black Mass
09. La Mizantropa Himno

Hurrengo kontzertuak