Empire of Disease - With All My Hate

Ikuskizunik ez da falta gizakiak nabarmen izorratu duen mundu honetan. Horrek askoren gorrotoa azaleratu du, tartean Bizkaiko Empire of Disease talde gihartsuarena. Amorrua hamar piluletan kanalizatu dute With All My Hate lehendabiziko diskoan. Indarra ez ezik, beraien musika proposamena katalogatzeko zailtasuna dute alde. Muturreko metala eta joera modernoagoak uztartzen dituzte, belarriak lehertzeraino.

Duela sei urte elkartu ziren Nigthmare Within izenarekin, eta denbora behar izan zuten egonkortzeko. Hori 2018an lortu zuten, eta aurrera egiteko izena aldatzea erabaki zuten. Empire of Disease gisa igo ziren taula gainera, eta 2019an Silence is Violence lan laburra plazaratu zuten. Bost kanturekin death metala (gordina zein melodikoa) eta groove metala nahasteko gaitasuna erakutsi zuten. Gordintasuna bidelagun nahi zutela, alegia.

Bost musikarik osatzen dute doinu bortitzen makina. Horien artetik bada bat ezaguna, beste talde batzuetan ibilia delako. Hain zuzen ere, Pintxo Wayewta abeslaria (Akhvan, In Thousand Lakes eta Dethlirium ohia). Bereziki Dethliriumekin urratu zuen ahotsa, eta estilo aldetik egun gidatzen duen bandarekin antzekotasunak ditu. Gainerako lau kideak dira Gorka Diez (gitarra eta samplerrak), Sergio Godoy (gitarra), Ander Baz (baxua) eta Iban Hernando (bateria).

Haserrea ez da erabatekoa, itxaropenari ate txiki bat irekita utzi diotelako. Ikuskizuna aurkeztu orduko entzun daiteke Strange Saviours melodeath pieza, nahiz eta ezin den horretara mugatu. Egia esan, kantu bakoitzean ezin da gauza bakarra esan, askotariko pasartez janzten dituztelako. Hala nola, progresiboak eta groove kutsukoak. Gauza bera esan daiteke To Be Reborn Among Ruins argitsuaz eta Dawn of the Atheist aldakorraz. Baliteke aipaturikoak Panic & Pain lehen singlea baino aproposagoak izatea.

Benetako jauzia soinu ekoizpenean nabari da. Horren adibide egokiena da Wasted Your Time pieza, lehen laburretik berreskuratu eta birgrabatu dutena. Pedro J. Mongerekin Chromaticity Studios-etan lorturikoa aparta da. Gainera, abestiak duen ibilera pausatu eta iluna hobeto nabarmentzen du. Diskoaren azken txanpatik, berriz, With All My Hate bortitzak merezi du aipamena. Death metala bada euren abiapuntua, izenburua bera da bizkaitarren proposamen gihartsua ondoen islatzen duena.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Wormholedeath

Abestiak:

01. Human Freak Show
02. Strange Saviours
03. To Be Reborn Among Ruins
04. Dawn of the Atheist
05. Panic & Pain
06. Wasted Your Time
07. A Breathing Chaos
08. Dead Or Alive
09. With All My Hate
10. God Ends Here

Entzun:

Hurrengo kontzertuak