2023/10/12

Errespetua

Euskal Herriko heavy metal taldeei asko zor diegu. Haiengatik eta haientzako abiatu genuen gure abentura duela bi hamarkada luze, eta asko errespetatzen ditugu.

Talde horien nobedadeen berri ematea da gure helburuetako bat. Horretarako, bakoitzarekin harremanetan jartzeko ohitura dugu, informazio ahalik eta osatuena eskuratzeko. Batzuetan taldeak dira informazioa helarazten digutenak (asko eskertzen diegu), baina beste batzuetan eurei eskatzen diegu albisteak borobiltzeko (ez gara mugatzen sare sozialetan tarteka jarri ohi duten informazio apurra kopiatu eta pegatzera).

Zertara dator hau dena? Blog edo webgune batek errespetua galdu digulako. Eta ez guri bakarrik, baita heavy metal talde bati ere. Atzo, blog horrek talde baten inguruko gure albistea plagiatu zuen. Nahikoa zuen argitaraturiko informazioaren iturria aipatzea. Ordea, barkamena eskatu eta albistea ezabatzea erabaki zuen. Hori bai, aurrerantzean gure webgunea baztertuko zuela gaineratu zuen (sare sozialetan blokeatu gaitu, arrazoirik eman gabe), eta gertaturikoaren benetako errua albisteko talde protagonistarena dela salatu zuen. Errespetu falta ikaragarria da hori.

Ez da lehen aldia beste blog edo webgune batzuek gure edukia kopiatzen dutela. Eta ez da lehen aldia harrapatzen ditugula. Bitxia bada ere, beti gaizki hartu izan dute kopiatzaileei kopiatu izana leporatzea. Esan moduan, iturria aipatzearekin nahikoa da horrelakoak saihesteko.

Errespetua da taldeei zor dieguna, eta ez dugu gustuko batzuek errespetu hori galtzea.

* Izenik ez ematea erabaki dugu, baina interesa duenak era pribatuan galde diezaguke.

Hurrengo kontzertuak